Euromillones jokoan 146.000 euroko saria banatu dute Villabonan

Ataria 2018ko abuztuaren 29a

Loteria administrazioko 1. zenbakian jokatutako txartel batek bigarren mailako saria jaso du, atzoko Euromillones jokoan. Bost zenbaki eta izar bat asmatu ditu saridunak eta zehazki 146.872,54 euro egokitu zaizkio.

Monika Roteta, loteria administrazioko 1. zenbakiko arduraduna, "oso pozik" agertu da saria banatu dutelako. "Hori da gure helburu nagusiena, ahal dugun sari gehienak ematea", azaldu du Rotetak.

Atzoko Euromillones jokoan zenbaki saridunak 4, 16, 32, 42 eta 46 izan ziren, eta izarrak 8 eta 12. Inork ez zuen sari nagusia eraman, eta bigarren mailako saria eskuratu zutenak bost izan ziren guztira.

Bigarren aldia da Villabonako loteria administrazioko 1. zenbakiak Euromillones jokoaren kopuru handiko sari bat ematen duela. Aurrekoa 2008an izan zen, eta orduan 75.000 eurokoa izan zen saria. Bestalde, Euromillones jokoaren barruan egiten den Joker sari bat banatu zuen, 100.000 eurokoa, 2014an. Beste zenbait sari garrantzitsu ere banatu ditu. Esaterako, behin eman du Gabonetako Loteriaren lehen saria, 1998an, eta hiru aldiz astero jokatzen den loteriaren lehen saria, azkenekoz 2014ean. Bono Loto jokoan ia 2 milioi euroko saria banatu zuen 2011n, eta La Primitivan 437.000 eurokoa 2000n.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!