2018/09/29 20:00
Juan Mari Beltranek, Errege Belda eta Ixiar Jauregirekin batera, bere “Hots-Larretan” izeneko ikuskizun ezaguna aurkeztuko du irailaren 29an. Oholtza oso berezi baten gainean egingo du, Amasako Elizan, hain zuzen ere.
Proiektu honek, gure inguruko txoko eta landetan sortutako hots, doinu eta kantuetan oinarriturik, musika, jolasa eta hitzen arteko topaketa bat izan nahi du. Hots eta doinuen arteko elkartze edo topaketa hau, hainbat giroetan barna murgilduko da, natura eta paisaiak, herri eta pertsonen ospakizunak, festak, jolasak, harremanak…
Dantza doinuak, jolas doinuak eta kantak, mendiko eta kaleko kutsua duten doinu eta erritmo zaharrak nahiz berriak; doinuz, erritmoz eta hitzez osaturiko poesia …
Topaketa honetan hotsak elkartzen dira: Isturitzeko harpetako hezurrezko flautak eta arrabitaren hots barnerakoiak, burrunen hots sakonak, txorien kantuak bezalako xirularen txioak, erritmoa markatzen duten danbolina eta ttunttuna, txalaparta makilen eta akordeoiaren botoien saltoak, albokaren harrabotsa eta xirolarruaren oihua, txistua, dultzaina, tronpa…
Dantza urratsak gidatzen dituzten xirulak – ttunttunak eta sunprinuz egindako artzainen “durunbele”ak, elkartzen dira, erritmo eta neurri zaharrak doinu berriekin, eta doinu zaharrak hots berriekin tartekatuz, musika erritmo eta neurri zaharretan eta berri-berrietan. Musikari jarritako hitzak, hitzei jarritako musika. Musikak eragindako hitzak eta poesia eragindako musika, musikari jarritako dantza eta koreografia eta dantzei jarritako hitzak eta hauek janzteko doinuak.
Juan Mari Beltran, Errege Belda eta Ixiar Jauregirekin batera arituko da hotsez, erritmoz eta musikaz osatutako sinfonia eder honetan.
Juan Mari Beltran: Txalaparta, alboka, dultzaina, arrabita, ahotsa, txistua-danbolina, xirolarrua, tilinka, tronpa, ahotsa.
Ixiar Jauregi: Ahotsa, txalaparta, perkusioa.
Errege Belda: Ahotsa, akordeoia.
ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?