«Betirako niretzat geldituko den bizipena izango da»

Iñigo Asensio 2018ko abu. 13a, 15:55

Iraitz Arrospide billabonatarrak, 2:19:49ko denborarekin, 34. postuan amaitu zuen, atzo, Berlinen jokatu zen Europako Maratoi Txapelketan. Lasterketa hau prozesu baten saria izan dela aitortu du, eta egindako lanarekin "pozik" azaldu da.

Ezustekoa izan da azken 3 urtetan Iraitz Arrospidek (Villabona, 1988) egindako bidea. Sheffieldera (Ingalaterra) joan zen duela 6 urte, ikasketek bultzatuta. Orduz geroztik bertan bizi da eta han egiten du lan. Atletismo profesionaletik eta nazioarteko lehietatik urrun izan da orain arte, baina bere lanak eta hobekuntzak berebiziko saria izan dute Villabonako gaztearentzat; Berlingo Europako Txapelketarako txartela eskuratu zuen, eta atzo, maratoi frogako taldeen sailkapenean zilarrezko domina eskuratu zuen. Alemaniako hirian pasatako azken ordutan izan da Arrospide Tolosaldeko Atariarekin.

Lehenik eta behin, zorionak. Duela egun gutxi Europako Txapelketan egote hutsa ametsa zela zenion. Lehiaketa ona egin duzu eta taldekako zilarrezko domina eraman etxera... Gehiago eska al daiteke?

Eskerrik asko. Bai, Europako Txapelketara etortzea, esan bezala, amets bat zen. Eta amets hori bete eta gainera taldekako domina hau lortzea izugarria izan da. Betirako niretzat geldituko den bizipena izango da. Gehiago eska al daiteke? Nire banakako lasterketan zerbait gehiago egin nezakeenaren sentipena geratu zait. Hala ere, oso pozik nago. Lasterketa nahiko duin bukatu nuen eta bai, oso pozik nago egindakoarekin.

Zein da txapelketak utzi dizun unerik edo irudirik gozoena?

Unerik gozoenak podiumeko uneak izan dira. Izugarrizko giroa zegoen, jende pila, bertako musika... Oso hunkigarria izan zen eta betirako gogoratuko ditudan uneak pasa nituen domina jaso aurreko uneetan eta jaso nuen unean. Nik uste hori izan dela aste honetako unerik bereziena niretzat.

Lasterketa bera aztertuta, nolakoa izan zen? Sentsazioa duzu lehen kilometrotako erritmoa gehiegizkoa zela eta agian amaieran ordaindu zenuela esfortzu hori?

Lasterketa gogorra izan zen. Hasieran fresko sentitzen nintzen, eta nahiz eta bero handia egin, erraz ari nintzen korrika. Lasterketaren garrantzia eta hasierako uneen emozioa kontuan izanda, azkarregi irten nintzen, eta gero ordaindu egin nuen esfortzu hori. Tenperaturak gora egin zuenez, fisikoki geroz eta nekatuago nengoen, eta azkenean sufritu egin behar izan nuen. Bigarren zatian, gainera, denborek nabarmen egin zuten gora. Nik uste planteamendu egokia polikiago atera eta bigarren zatian indar gehiagorekin aurkitzea izango litzatekeela. Hori dela estrategiarik egokiena, ezta? Baina, momentuan bertan aukera bat hartzen da, asmo onenarekin, eta batzuetan ondo irten daiteke eta beste batzuetan ikusten da agian azkarregi irten zarela... Tira, lasterketaren parte da hori. Azkenean lortu nuen iristea, gaizki pasata, baina hainbeste denbora galdu gabe. Egindako lanarekin pozik nagoela esango nuke.

Hemen Berlinen, selekzioko beste atletekin hizketan, nabari da askorentzat ezezaguna zarela... Iraitz Arrospide nondik agertu den ez dakite askok.

Egia esan ni atletismoaren mundutik nahiko urrunduta egon naiz orain arte eta horregatik normala da jende askok ni ez ezagutzea. Nik ere taldekide asko ez nituen ezagutzen. 3 urte daramatzat serio entrenatzen eta hau izan da lehen nazioarteko txapelketa. Gauzak azkar joan dira, asko hobetu dut denbora gutxian eta horregatik elkar ez ezagutze hau.

Atletismoaren aurretik ere kirola egindako zara...

Bai, 13 urte nituenetik 19 urte bitartera, igeriketan aritu nintzen. Entrenamendu gogorrak egiten genituen eta fisikoki gorputza landu nuen. Horren ondoren, ikasketak tarteko eta unibertsitatean ari nintzela, igeriketa uztea erabaki nuen eta korrika hasi nintzen. Behobia prestatzen hasi nintzen, urtero lasterketa hori egiteko prestaketa txikia eginez, baina maila handiko entrenamendurik gabe. Gero, Ingalaterrara joan nintzen duela 6 urte, eta denbora batean korri egiteari utzi nion, nahiz eta bestelako kirolak egiten jarraitu nuen. Azkenik duela 3 urte hasi nintzen berriro korrika egiten eta ikusi nuen denbora gutxian asko ari nintzela hobetzen. Serio entrenatzen hasi nintzen, ia egunero, eta maratoia prestatzea erabaki nuen. Noraino iritsi ninteken ikusi nahi nuen. Eta emaitzak pixkanaka hobetzen joan dira. Berlingoa 6. maratoia izan da eta nahiz eta nire marka hobetzea ez dudan lortu, aurrekoetan beti izan da hobekuntza. Eta progresio horren saria izan da Europako Txapelketa hau.

Zeintzuk esango zenuke izan direla mugarriak edota inflexio puntuak zure ibilbidean?

Ez da erraza ibilbide batean inflexio puntu horiek zein diren esatea. Azken finean, emaitzak pixkanaka datoz, hobekuntza ere nahiz eta azkar edo poliki lortu progresio batean doa... Ez da erraza puntu berezi bat nabarmentzea, baina zerbait aipatzekotan hasierako unea azpimarratuko nuke. Duela hiru urte, hiru edo lau egunez entrenatzen hasi eta asko hobetzen ari nintzela ikusi nuen unea. Serio entrenatuz zerbait polita egin nezakeela ikusi nuen, eta hori uste dut izan zela inflexio puntu handiena, eta gogor entrenatzea erabakiarazi zidana. Eta beste bat aipatzekotan iazko Behobia-Donostia lasterketa eta Sevillako Maratoia. Behobian hirugarren postua lortu nuen eta horrek izugarrizko oihartzuna izan zuen Gipuzkoa mailan. Niri ere indar eta konfiantza asko eman zidan aurrera jarraitzeko. Ondoren Sevillako Espainiako Maratoi Txapelketan lortu nuen hirugarren postuak Europako Txapelketarako ateak ireki zizkian. Beraz, puntu horiek nabarmenduko nituzke nire ibilbidean.

 

 

Europako Txapelketa honek ere, eragina izango zuen zure ibilbidean... Etorkizunari begira zerbait aldatu duela uste al duzu?

Noski eragina izan duela nire ibilbidean. Azkenean amets bat egi bihurtzea izan dela esango nuke, ezta? Gogor entrenatzea erabaki nuenean nire buruari zenbat hobetu nezaken eta zein urrun iritsi ninteken galdetzen nion. Eta Europako Txapelketara iritsi eta taldekako zilar domina lortzea, hor geldituko den zerbait da. Noski eragina izango duela edo izan duela nire ibilbidean eta niretzat egindako lan guztiari saria dela esango nuke. Etorkizunera begira, berriz, ez dakit zenbaterainoko garrantzia izango duen hemen Berlinen lehiatu izanak. Babesleei begira edo nire konfiantza eta gorago iristeko esperantzari begira... Ez dakit. Azkenean horrelako txapelketa batean izateak asko laguntzen du motibazioa lortzen eta aurrera begira ere pauso bat gehiago ematen. Nik uste oso ondo etorriko zaidala. Ikusiko dugu, atseden hartzeko tartea egin eta berriro gogor entrenatzen hasiko naiz. Ikusiko dugu denbora tarte batean aurrerapauso txiki bat egiteko gai garen berriz.

Askok atzerrira jo ohi dute kanpoko entrenatzaileetatik gertuago egoteko, errendimendu altuko zentroetan lan egiteko... Baina zu atzerrian egotearen arrazoia bestelako da.

Bai, arrazoi ezberdinengatik joaten da jendea atzerrira. Kirol munduan beraien entrenamenduak hobetzeko asmotan gehienetan. Nire kasuan ezberdina izan zen. Ikasketengatik jo nuen atzerrira eta momentu hartan ez nenbilen maila altuan. Ondoren hobetzen joan naiz eta azkenean atzerrik talde batean entrenatzen dut momentu honetan, baina arrazoiak desberdinak izanik.

Berlinen izan diren atleta gehienak buru-belarri ari dira entrenatzen eta buruan atletismoa besterik ez dutela bizi dira. Zure kasua bestelakoa da, nolakoa da zure ohiko egunerokoa?

Bai, atleta profesional eta ez profesionalen arteko desberdintasun nagusia hori da. Profesionalek egun oso daukate mundu horretan murgiltzeko, behar den bezala atseden hartu, entrenamenduak behar diren bezala egin, bikoiztu behar badira bikoiztu... Horretarako daukate denbora guztia. Eta beste batzuk aldiz beste lan batekin uztartzen ditugu entrenamenduak. Nik nire lana daukat, oraindik ikasten ere ari naiz, eta horrez gain entrenamenduak daude. Egia da dena uztartzea gogorra dela eta erronka bat dela. Etxekoen laguntza oso garrantzitsua da eta horri esker lortu dugu iritsi garen tokira iristea...

Umea ere hor dago, lana, entrenamendua, aitatasuna... Dena da uztartu beharrekoa, ezta?

Bai, umea ere jaio zitzaigun duela bost hilabete, eta lehen nahiko bazen dena uztartzen, orain pixka bat gehiago. Zorionez umea oso zintzoa daukagu eta lo bikain egiten du gau osoan zehar. Horri eskerrak nahiko ondo atseden hartzea lortzen dugu. Zaila da dena uztartzea, baina bestalde, lortuz gero, oso pozgarria da.

Villabonan lagun eta senide askok jarraituko zuten Europako Txapelketako Maratoia, baina gaur hartuko duzun hegaldiak Ingalaterrara eramango zaitu. Gogoa izango duzu etxekoekin ere hau dena elkarbanatzeko...

Bai Villabonan eta baita inguruko herrietan, bai lagun, senide, jarraitzaile... Ziur jende asko egon zela maratoiari begira edo behintzat lasterketa jarraitzen, eta pena bat da oraindik Berlinetik Ingalaterrara itzuli behar izatea. Baina horrela da, bihar asteartea da, eta lanera joatea tokatzen da. Hemendik gutxira bai joango gara astebetez etxera bueltan eta orduan aukera izango dugu lagun eta senideekin gozatzeko aukera eta ospatuko dugu behar den bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!