Iraitz Arrospide, Europako Maratoi Txapelketarako prest

Mikel Iraola 2018ko abuztuaren 11

Argazkia: Iñigo Asensio

Iraitz Arrospide billabonatarrak Europako Maratoi Txapelketan hartuko du parte, bihar, 10:00etatik aurrera, Berlinen. «Urduri, baina presiorik gabe eta gogoz» dagoela aitortu du.

Iristear da eguna. Gorriz markatua du Iraitz Arrospidek abuztuaren 12a. Europako Maratoi Txapelketan parte hartuko du, Berlinen, eta lehen aldia izaki, urduritasun puntu batekin hitz egin du gaur goizean komunikabideentzat.

«Urduri nago, baino normala da. Baina bestalde, ilusio izugarriarekin eta sentsazio onekin nago, zerbait txukuna egiteko esperantzarekin», aitortu du BAT Basque Team-ek argitaratutako bideo batean. 

10:00etatik aurrera lehiatuko da lasterketa, eta ahalik eta emaitzarik onena lortzeko borroka egingo duela azaldu du billabonatarrak: «Presioa askotan esaten da ez dela lagungarri izaten, baina nik hori aldeko baliatu nahi dut. Ez dut presiorik nabaritu kanpoaldetik. Asko egin dut azken urteotan honaino iristeko, eta orokorrean inguruko jendea oso betea sentitu da ni hona iristearekin. Nik presioa dut, nire aldetik, ahalik eta ondoen egin nahi dudalako, momentu onean nagoela jakinda».

Espainiako selekzioarekin bost gizonezko eta bost emakumezko arituko dira bihar. Taldekako sailkapenean podiumean amaitzea dute helburu. Horretarako talde bakoitzeko lehen hiru sailkatuen denborak batzen dituzte. Javier Guerra, Jesus España, Camilo Santiago eta Pedro Nimo izango dira Arrospideren taldekideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!