Villabonako Santio jaiak 2018

Remi Gogoan, 9 urte «egia, justizia eta aitortza» eskatuz

Ataria 2018ko uzt. 31a, 20:34

«Egia, justizia eta aitortza» eskatu dute ehunka lagunek Remi Ayestaran zenari egindako omenaldian. Villabonako Udalari ere kargu hartu diote, festak hasi baino lehen oroitarriak jasandako erasoa salatzeko «aukera bat galdu» duelakoan.

Remi Ayestaranen heriotzatik bederatzi urte pasa arren, oraindik gogoan dute herrian. Azken zortzi urte hauetan bezalaxe, jende ugari gerturatu da, San Inazio egunez, bere izena daraman pasealekura.

Ekitaldiaren hasieran, urte hauetan guztietan bidelagun izan dituzten eta aurten zendu diren Tina eta Elola izan dituzte gogoan. Beranduago Mikel Ayestaranek, Remiren anaiak, gogoratu duen moduan, Tinak bazkari ederrak prestatu zizkien maitasunez egun latz haietan familiako kideei. Elolak, berriz, Herrera de la Manchako espetxera eraman zuen albistea, 2009ko abuztuaren lehenean.

Remi Gogoan ekimenak joan den asteko eraso faxista gaitzetsi nahi izan du ezer baino lehen: «Herrian ez dugu horrelako eraso faxistarik onartzen. Soberan daude beraiek eta beraiek defendatzen dituzten ideiak».

Villabonan ez dute ahazten 2009ko uztailaren 31 hartan gertatutakoa, eta bide horretan, Remiri ez zaiola «beste edozein biktimari bezala benetan merezi duen aitortzarik egin» salatu dute: «Bortizkeria politikoaren biktima da eta hori onartzea eskatzen diegu erakunde guztiei. Remi ez zelako bihotzekoak jota berez hil. Guztiok dakigu nolako presio poliziala eta mediatikoa izan zen. Presio hark kendu zigun Remi, hil zuen Remi, eta horregatik justizia eskatzen dugu, ez mendekua».

Remi Gogoan ekimenekoek omenaldia bera Santio jaien egitarau ofizialean sartzeko ere eskatu diote, beste behin, udalari. «Gertatu zena argitzea ezinbestekoa da, batzuk ahaztu egin nahi dutela bistakoa den arren, Remi herriaren ordezkari gisa ari zen lanean egun hartan. Hortaz zer gutxiago ekitaldi hau egitarau ofizialean sartzea baino? Herrian Remirenganako maitasuna horren handia izateak, izorratu egiten diela ematen du», esan dute.

Amaia Agirre bertsolariak hartu du hitza segidan, Iñaki Lizasok musikarekin lagunduta. Agirrek bertsotan nabarmendu duenez, «justiziarik balego / jada bereak egin du / nahiz ta ez zaigun onartzen / guk egia badakigu». Amaitzeko, «irribarrez oroitzea eta bere alde egitea» eskatu du:

Gero, Onddo Gazte Asanbladako kideek hartu dute hitza. Aurten, esaterako, eurak izan dira Remik hainbeste gogoko zuen danborrada berreskuratu dutenak, eta jaien lehen egunean, oroitarriaren aurrean egin zuten lehen geldialdia.

Remik beti bultzatu izan zuen jai eredua bere egin duela adierazi dute asanbladako kideek: «Herriari begirako jaiak antolatuz, anitzak eta koloretsuak izan dira aurtengo Santioak».

Ekitaldia amaitzeko Mikel Ayestaran, Remiren anaiak, hartu du hitza. Azken egunotan familiak jasotako babesagatik eskerrak ematearekin batera, Remiren memoria «herriak mantentzen duela» aldarrikatu du: «Ez gara nekatzen egia, justizia eta aitortza eskatzen».

Joan den astean Remiren oroitarriak jasandako eraso faxistaren harira, Villabonako Udalak gertatutakoa «biktima bati egin zaion eraso gisa salatzeko aukera» zuela aldarrikatu du Ayestaranek, baina jazotakoa salatu ez izana gaitzetsi du: «Margoketa bat besterik ez da izan, eta ez biktima baten memoriari egiten zaion eraso bat. Berriro ere bigarren mailako biktima bezala tratatu gaituzte. Baina guk herriaren aitortza daukagu».

ARGAZKI GALERIA:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!