Villabonako Santio jaiak 2018

Hazparnek irabazi du errebote partida

Mikel Iraola 2018ko uztailaren 31

Azken 89 urteotako ohiturari jarraituz, Saninazio egunez errebote partida jokatu dute Villabonan. Hazparne izan da aurtengo gonbidatua, eta 7-9 irabazi du.

89 urte dira uztailaren 31n errebote partidak antolatzen hasi zirenetik. Gerora Behar Zana Pilota Elkarteak hartu zuen antolaketaren ardura.

Villabona eta Hazparne aritu dira, aurten, nor baino nor gehiago. Etxeko taldearekin Ion Ander Artola, Beñat Iraola, Aratz Luisa, Iñaki Otaegi eta Beñat Karrera aritu dira. Hazparneko taldearekin, berriz, Jon Larronde, Mateu Arrieta, Pello Larramendi, Ivan Bidegain eta Antoni Argindegik jokatu dute.

Neurketa ia ordubeteko atzerapenarekin hasi da, garbiketa lanen ondoren lurra oraindik oso bustia baitzegoen. Herri lanetako langileak makinekin lehortzen aritu dira. Hori dela eta, 13 jokotara egin beharrean, bederatzira egitea erabaki dute.

Lurraren egoera jokatzeko onena izan ez arren, neurketa polita jokatu dute. Ohikoa baino ikusle gehiago izan da, gainera, gaurkoan. Gauzak horrela, Hazparneko taldea nagusitu da gaurkoan, 7-9ko emaitzarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!