Villabonako Santio jaiak 2018

Txistulariak, etxean bezala

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 29a, 20:56

Villabonako santio festak amaierara heltzen ari dira. Gaur eguerdian, kontzertu ederra eskaini du Donostiako Txistulari Bandak, hain zuzen, Txistulari izena duen plazan.

Ez zegoen beste leku aproposagorik horrelako kontzertu bat eskaintzeko, Villabonako gune hau baino. Izenak berak ere horretara egiten du gonbita. Jende ugari elkartu da Donostiako txistulariek osatutako orkestrinaren doinuak entzuteko irrikaz. Kontzertu bikaina, eta giro paregabea. Eguraldiak, gainera, ederki asko lagundu du.

Emanaldia, ordea, ez da soilik musikaz jantzia izan. Eta gainerako gehigarrien ardura, herriari lotuta dauden Oihana Iguaran bertsolariarena eta Oinkari dantza taldeko kideena izan da. Hauek ere fin aritu dira, bakoitza bere zereginean. Txistulariek, era guztietako obrak eskaini dituzte, eta publikoa ere gonbidatu dute fandango, arin-arin edota pasodoble bat dantzatzera. Dantzariek eskaini duten lehen dantza berezia bezain dinamikoa izan da: Hartzaren ehiza.

Betidanik izan da Villabona txistuari lotutako herria, eta hortik datorkio plazari izen hori. Orain, Agustin Laskurain herritarra aritzen da Gipuzkoako hiriburuko bandan, atabala jotzen. Gaurko kontzertuan, Oihana Iguaranek hasieran bota duen bertsoetako batean aipatu bezala, "txistularien plaza izendatu zitekeen Laskurain plaza".

Villabonako festak aurrera doaz, eta gaurkoa egun lasaia izan bada ere, biharko erromeri egunerako indarrak gordetzea beharrezkoa izango da. Ikusi hemen biharko egitaraua:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!