Villabonako Santio jaiak 2018

Haurren algara, helduen izerdia

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uztailaren 26a

Villabonako santio festen barruan, hirugarren eguna dute gaurkoa. Arratsaldeko ekitaldiak, Errebote plazatik kanpo ospatu dira. Batetik, haurren parkea; bestetik, berriz, cycling mini-maratoia.

Herriko festak ekitaldi gastronomiko eta kulturalez osatzen direla uste duten horiek, oker dabiltza. Gaur arratsaldean, behintzat, Villabonako santio festetan ez da horrelakorik ikusi. Arroa plazan, era guztietako puzgarriak jarri dituzte haurren gozamenerako, jauzika, goitik zein behetik barrak saihestuz eta altuera handiko dorretik, lera gainean jarrita, ahalik eta azkarren jausi nahian ibili dira.

Helduek, ordea, izan dute euren aisialdirako tartea ere. Cycling mini-maratoia izan dute Txistulari plazan. Bi irakaslek gidatuta, Olaederra kiroldegiko gela, kalera atera, eta bertan egin dute erakustaldia. Bertan zeudenek eta ikustera gerturatu direnek, ederki gozatu dute besteak lanean ikusten.

Errebote plaza, ordea, geroago bihurtu da protagonista. Iluntzean jokatu baitira gaztetxoen futbito txapelketako finalak. Gauean, berriz, herriaren erdigunean, Liher eta Bihozkada taldeen kontzertuak entzuteko aukera izango da. Biharkoan, arratsaldetik aurrera ospatuko dira egitarau barruko jarduerak.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!