[GUTUNA] Villabonako Santiago egoitzari esker onez

Maria Dolores Arrueren sendia 2018ko uzt. 25a, 11:38

Inork ez du horretara iritsi nahi. Eginahalak egiten ditugu behinola bere kasa moldatzen zen gertuko horren bizitza ahalik eta gutxien aldatzeko, baina bizitzak, urak bezala, bere bidea egiten du. Lehen eskailerak zirenak hesi bihurtzen dira; autonomia dependentzia; konpainia beharra, zaintza lan.

Eta, gure buruak ahaztuta ere, zaindu ezin dugula ohartzen garenean hartzen duzu erabakia. Bizi osoan etxekoa izan denari egoitza berri bat bilatu behar diozu, zuk eman ezin diozun zaintza hori topa dezan.

Guretzat Tia izan zen beti. Eta Tiaren hobe beharrez bilatu genion Villabonako Santiago egoitzan lekua. Urte luzez lehenengo aldiz etxetik kanpora zihoan Tia eta asko kezkatzen gintuen. Bere mundutxoan, bere leku eta egunerokoan bizitzea gustatzen zitzaion; hitz gutxirekin pasatzen zuen eguna, nahiz eta noizbehinka istorioren batekin ateratzen zitzaigun. Villabonan, ordea, Tia ez, baina Maria Dolores izango zen; leku arrotzean pasa beharko zuen eguna eta ezezagunek zainduko zuten. Eta harentzat berria zena, beste hainbeste zen guretzat. Aurrez pentsatu gabeko mila auziri erantzun behar izan diegu, erabaki bakoitzean adorea tantaka galtzen genuen bitartean.

Ezin duzue imajinatu egoitzan emandako tratuak zenbat arindu zigun guzti horren zama. Ez soilik arreta medikoa bermatua zeukala genekielako. Hango erizain, laguntzaile, mediku eta abarrei biziki eskertzen dieguna hilabete hauetan egoitza gure etxe egitea da. Tokatzen ez zenean ere partea ematea telefonoz, gure kezka eta tristurak entzutea, hitz-aspertu hutsalak egitea ezer gertatuko ez balitz bezala... Zeukan izaera berezia edukita ere, Maria Dolores, gure Tia, mimoz betetzea. Afalordua iritsi eta egoitzatik joaten ginen bakoitzean zuzen erabaki genuenaren sentsazioa sentiaraztea da lortu zenutena.

Gutun honetan ez dira sartzen guzti hori eskertzeko adina hitz. Baina sarritan ahaztuta eta gutxietsita dagoen zuen lanari merezi duen balioa aitortzeko balioko du agian. Eta idatziz bada ere, zuetako bakoitzari, banan bana, merezi duzuen besarkada emateko ere bai. Mila esker!

 

Maria Dolores Arrueren sendia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!