Villabonako Udala herri akusazio modura aurkeztuko da Leongo istripuaren inguruko epaiketan

Ataria 2018ko uztailaren 23a

Ekainaren 28an gertatu zen istripuan Nerea Agirre eta Jose Carlos Carrasco billabonatarrak hil ziren eta bikotearen semeak zauriak izan zituen.

Maite Izagirrek alkateak, udaleko aholkulari juridikoekin hausnarketa prozesu bat eraman ostean, Villabonako Udalak herri akusazio modura aurkeztea erabaki du. Pauso hau, orain dela aste batzuk Leonen gertaturiko istripu larrian hil ziren Jose Carlos Carrasco eta Nerea Agirreren kasuan emango da. Istripua, euren semea den Oratsekin batera Donejakueko bidea bizikletaz egiten zirenean gertatu zen.

Udalaren defentsa esperientzia handiko Ignacio Javier Fernandez Vega 63 urteko Leongo zigor legeetan aditu den abokatuak eramango du. Kasua Leongo Sahagun herrian kokatua dagoen epaitegian jarraituko da. “Komenigarriena ospe ona duen eta bertakoa den abokatu batekin lan egitea dela pentsatu dugu, kasuaren nondik norakoak lehen pertsonan ezagutu eta suertatzen diren egoerei azkartasunez erantzuteko” azaldu du alkateak. “Jose Carlos eta Nerearen zoritxarreko heriotzaren ezaugarriak ikusirik eta gizartean eragin duen hunkipena medio, justizia egiteko beharra sentitzen dugu, gidatzerakoan pertsona bakoitzak duen erantzukizuna kontuan edukiz, akusazio popular modura pertsonatzea gure beharra zela iruditu zaigu” gehitu du Izagirrek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!