Santio jaietako kros herrikoia, igandean

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 20a, 13:00

Villabonako jaietan hainbat kirol ekitaldi antolatu dituzte; aurrez, festak girotzeko, korrikalariak ibiliko dira kaleetan barrena.

XXXVIII. Santio Krosa antolatu du igande honetan Zunbeltz Elkarteak. Txikienek 10:30ean hartuko dute irteera Zunbeltz Elkartearen ingurutik, eta lasterketa nagusia 11:00etan izango da. Izen ematea doan da, egun berean irteera puntuan edo aurrez www.herrikrosa.eus webgunean.

Benjaminekin (2008-2009) hasiko da Santio Krosa. Zunbeltz inguruko ibilbideari buelta txiki bat emango diote.


10:45ean alebinen (2006-2007) txanda izango da. Hauek bi buelta txiki izango dituzte aurretik.
Infantilak (2004-2005) 11:00etan hasiko dira korrika. 2,5 kilometro egin beharko dituzte, hau da, ibilbide nagusiari itzuli bat.


Kadeteen lasterketa infantilen berdina izango da. 2002-2003ko gaztetxoek irteera infantilekin, jubenilekin eta nagusiekin hartuko dute. Jubenilen (2000-2001) kasuan, ibilbide nagusiari bi itzuli eman beharko dizkiete, 5 kilometroko ibilbidea osatuz.


Nagusi eta beteranoen lasterketa izango da luzeena, 7,5 kilometrokoa. Hauek ibilbide nagusiari 3 buelta emango dizkiote.


Igandekoa kros herrikoia da baina sariak ere egongo dira. Maila bakoitzeko lehen sailkatuek, emakume nahiz gizonezkoek, jasoko dute saria.


Zunbeltz Elkartetik herritarrak eta ingurukoak lasterketan parte hartzera gonbidatu dituzte.


Jaietako kirol ekitaldiak
Uztailaren 24an, asteartean, Villabonan txupinazoa botako dute. Aurrez, 16:00etan, Bearzana pilotalekuan frontenis eta esku pilota partidak jokatuko dira, Behar Zana Txapelketaren finalak. 19:30ean, Errebote plazan, Helduen Areto Futbol Txapelketaren finala jokatuko da; Eguraldi txarrarekin Txermingo Ikastolan.
Uztailaren 26an, ostegunean, Toka Txapelketa jokatuko dute 10:00etan, kiroldegiaren ondoan. 16:30ean, haurrentzat bola tiraldiak antolatu dituzte bolatokian. 18:00etan Cycling Mini Maratoia izango da Txistulari plazan, eta ordubete beranduago Gaztetxoen Areto Futbol Txapelketaren finala, Errebote plazan.


Uztailaren 27an pala eta esku pilota finalak hasiko dira 18:00etan.


Uztailaren 28an, 09:00etan plater tiraketa; 10:00etan helduentzat xake jokoa; 11:30ean halterofilia saioa eta 16:30ean haurrentzako xakea egongo dira.


Azkenik, uztailaren 29an, igandean, Herri Kirolen Parkea antolatuko dute 12:30ean, Bearzana frontoian bertan. 16:00etan, helduentzat bola tiraldiak egongo dira Behar Zana Elkartearen eskutik Olaederra ondoko bolatokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!