[GUTUNA] Bederatzi urte

Remi Gogoan ekimena 2018ko uztailaren 20a

Uztailaren 31n, 20:00etan, Remi Ayestaranen izena daraman ibilbidean ekitaldia egingo du Remi Gogoan ekimenak. Aurrez, gutun hau zabaldu du:

Bederatzi urte igaro dira, baina zauria ez zaigu itxi oraindik. Ezin dugu eta ez dugu ahaztu nahi 2009ko uztailaren 31n gertatu zena.

Egun hartan, Remi Ayestaran Amasa-Villabonako herri ordezkari bezala ari zen lanean, Ertzaintzaren probokazioei muzin egin eta festak bakean bukatu zitezen ahaleginean. Baina ez zioten utzi, bihotza leherrarazi zioten.

Oraindik inork ez du azalpenik eman ezta ardurarik bere gain hartu ere. Bada garaia Remiri zor zaion aitortza egiteko!

Egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitu beharra daukagu.

Ez diegu uko egingo gure aldarrikapenei, bidezkoak direla sinesten baitugu.

Bide horretan, urte hauetan guztietan herritar asko eta askoren babesa sentitu dugu eta aurten ere hala izatea nahiko genuke. Horregatik, uztailaren 31n, 20:00etan, Remiren izena daraman ibilbidean espero zaituztegu.

Bide batez, lerro hauek baliatu nahi ditugu, urtero omenaldian musu truk parte hartzen duten dantzari, bertsolari, musikari eta gainerako lagunei eskerrak emateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!