Villabonako Santio jaiak 2018

Onddo Gazte Asanbladak jaietako egitaraua osatu du

Ataria 2018ko uzt. 19a, 18:00

Udal gobernuak asanbladak proposatutako ekitaldiak «boikoteatu» dituela ikusita, egitarau propioa prestatu dute

Onddo Gazte Asanbladak egitaraua prestatu du Santio jaietarako. Datorren asteartean hasiko dituzte ekitaldiak eta bi gune izango dituzte: Onddo plaza bezala izendatu duten gunea kultur etxearen atzealdean eta Gaztetxea bera.

Aurtengoan ez dute festa batzordean parte hartu eta horregatik erabaki dute egitarau propioa osatzea: «Jai batzordeari azaldu genion moduan gaur egungo udal gobernuak aurreko urteko festetan izan zuen jarrera autoritario, koldar eta lotsagabea dela eta erabaki dugu batzordean parte ez hartzea». «Onddo Gazte Asanbladaren ekitaldiaren zentsura, Santio jai egitarauaren azalaren inguruko tirabirak, Remiren omenezko ekitaldia programatik kanpo uztea, presoen aldeko ekitaldiak programan jarri ez izana, gazteek antolatutako futbito txapelketarako diru laguntza murriztu izana eta herriko eragileek urtero atera ohi duten zapiari boikota egitea» dira aipatu zituzten arrazoiak.

Udalari zuzenduta esan zuten festak ez dituztela «apolitiko» bezala ulertzen, «gure ekintzek oinarri politiko bat baitute». «Festetan inoiz baino ozenago gure aldarriak plazaratuko ditugu. Ezin ditugu ahaztu gurekin ez daudenak eta besarkadarik beroena bidaltzen diegu bahituta eta espetxeratutarik dauden preso billabonatarrei. Herriko festak ere zuekin ospatu nahi baititugu», gaineratu zuten. Bukatzeko esan zuten aurten Gaztetxeari egokitu zaiola jaietako zapia «plazaratzea» eta prentsaren aurrean erakutsi zuten.

ONDDO EGITARAUA

UZTAILAK 24, ASTEARTEA

17:30. Kedada Eonian elektrotxarangarekin.

18:15. Txupinazoa eta Onndo plazaren inaugurazioa.

23:00. Danborrada Patxaranga txarangak alaiturik.

01:00. Kontzertuak: TPR eta Koltxoi!

UZTAILAK 26, OSTEGUNA

11:00. Erreka jaitsiera hasteko Gaztetxean elkartuko dira. Aranerrekatik kiroldegiko zubira bitarteko bidea egingo dute.

14:30. Gazte barrikotea Onddo plazan. Mozorroa: marrazki bizidunak. Ondoren, Orkresta elektrotxaranga.

Gauean zehar Little Martin Selektah.

UZTAILAK 28, LARUNBATA

00:00. Kontzertua: Txakur Jana.

UZTAILAK 29, IGANDEA

17:30. Haurrentzat jolasak Onddo plazan.

19:00. Kontzertu akustikoa: Lur Gaztelumendi.

UZTAILAK 30, ASTELEHENA

00:00. Kontzertua: Estarlus. Ondoren, Lilith & Dabu Selektah djak jarriko du musika.

UZTAILAK 31, ASTEARTEA

22:30. Karaokea Gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!