Sexu eraso baten testigantza jaso du Lurgatz talde feministak

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 19a, 15:56

Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak sexu eraso baten testigantza jaso du eta publiko egitea erabaki du, "kasu honi lehenbailehen konponbidea jarri ahal izateko". Santio festetan sexu erasoen inguruko kontzientziazio kanpaina egingo du talde feministak.

Lurgatz taldeko kideek nabarmendu dutenez, "erasotzaileak bere inguruaren babes izugarria eduki du eta babesten dutenak konplize dira". Talde feministak testigantzaren berri jaso zuenean Zizurkilgo udaleko gizarte zerbitzuarekin jarri zen harremanetan eta hauek, aldi berean, udal segurtasuneko langileei jakinarazi zieten. "Langileek baldin bazekiten zergatik ez da zabaldu? Zergatik ez dute geldiarazi? Herriko jendeak ez al dugu eskubiderik guregandik hain gertu ditugun erasotzaileen berri jakiteko?, galdetu dute Lurgatzeko kideek.

"Hau ezin da onartu", talde feministako kideen iritzian. Horregatik, Villabonako Santio festetan zehar, sexu erasoen inguruko kontzientziazio kanpaina bat egingo du Lurgatzek. "Kanpaina honekin zerikusia duen iruditeria errespetatuko duzuelakoan gaude", esan dute hedabideetara bidalitako oharrean. "Jaietan dena libre denaren aitzakiapean, eraso sexisten ofentsiba nabaria da: begiradak, ukituak, irainak, gutxiespenak, bortxaketak, erailketak... Eta ez, ez gaude prest eraso bat bera ere erantzunik gabe uzteko. Guztion ardura da erasoen aurrean tinko eta era bateratuan erantzutea".

Amasa-Villabonako Udalarekin batera, hainbat neurri adostu ditu Lurgatz talde feministak aurtengo Santio festetarako. Besteak beste, txosnetan banatzen diren edalontzi berrerabilgarrietan Lortu ditzagun eraso sexistarik gabeko jaiak goiburua agertuko da eta pinak eta itsasgarriak banatuko dira antzeko leloekin. Indarkeri matxista kasuren bat gertatuko balitz, jarraitu beharreko pausoen berri ematen duten eskuorriak banatu dituzte, baita ere, etxez-etxe. Honako gomendioak jaso dituzte orrian:

  • Eraso sexista bat ematen ari dela ikusten baduzu, erasoa jasaten ari denarengana jo eta laguntzarik behar duen galdetu.
  • Lehentasuna duen kontua da, beraz, eten une horretan egiten ari zarena eta erasoa jasaten ari den emakumeari egin kasu.
  • Lasai egon daitekeen leku batera eraman eta laguntza eska dezakeela esan. Arreta handiz entzun eta ez jarri zalantzan kontatzen duena.
  • Erasotzailearekin hitz egin, eta argi utzi ez dela jarrera sexistarik onartzen taberna edota txosnan eta bertatik kanporatu.
  • Ez utzi erasotutako emakumea bakarrik, eta beharrezkoa izanez gero, lagundu dagokion tokira.
  • Erasoa larria bada: jakinarazi ez duela arropaz aldatu behar, ezta bere burua garbitu behar ere, eta aho bortxaketa bada, ez duela jan edo edan behar, erasotzailea identifikatzeko eta zigortzeko frogak desagerrarazi daitezkeelako.
  • Gerta daiteke emakume batek une horretan erabakitzea ezer ez egitea, edo ez jakitea zer egin nahi duen. Edozein kasutan hurrengo telefonoak eman: Udaltzaingoa (943 69 39 80); Sos Deiak (112); Ospitalea (943 007 000); Gipuzkoako Larrialdiak (943 224 411); Eusko Jaurlaritza (900 840 111 24 orduz martxan).

Gainera, brigada feministak aterako dira beharra adierazten duten emakumeei etxera laguntzeko. Txosnagunetik abiatuko dira, uztailaren 24tik 31ra, 01:45ean, 02:45ean eta 04:45ean.

Lurgatz talde feministak jaso duen eraso sexistaren testigantza jarraian irakurgai:

“Sexu erasoa jasan nuen eta isilik geratu nintzen. Ez da berriz gertatuko. 

Egunero jasan behar ditugu sexu erasoak (begirada lizunak, festetako baboseoa, txiste txarrak, ukitu desegokiak…). Oraingoan niri gertatu zaidanari eta inguruan gertatzen ari denari buruz hitz egingo dut.

2016ko udako igande goiz batean (07:00 inguru) taberna bateko terraza muntatzen ari nintzela, barrura begiratu eta barruan zegoen bezero bakarra (gizonezko gaztea), barra ondoan zegoela ikusi nuen zakila aterata eta tente zuela. Ikusten nuena sinistu ezinik, blokeatuta geratu nintzen. Barrura sartu nintzenean mahaian eserita zegoen eta nire lanak egiten nituen bitartean, gero eta amorru handiagoarekin, ni begiratzen ninduen zakila ukitzen zuen bitartean:

-Itxi brageta -esan nion. Kasu egin zuen eta handik gutxira joan egin zen.

Ni, amorru bizian, sinistu ezinik, egunean bertan, inguruko lagun batzuekin hitz egin nuen gaiaz. Mozkorra zegoen, 'kasu puntual bat izango da' garrantzia kendu genion eta ahaztu-edo egin nuen.

Handik hilabetera edo, beste igande goiz batean, berriz pertsona berdina! Kolakaua eskatu zuen, begirada arraroak egin, komunera joan eta irtetean brageta irekita eta intentzio berdinekin zebilela konturatu nintzen. Oraingoan, segidan, tabernatik bidali nuen.

Handik denbora batera, beste ordu batez eta buru argiz etorri zen pertsona bera eta berarekin hitz egitera joan nintzen. Galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion aurreko goizetan egin zuena eta 'ez da hainbesterako' izan zen erantzuna. Gogoratzen zen egin zuenaz eta ez zitzaion hainbesterako iruditzen. Beste behin antzekoren bat egin zuela enteratzen banintz, egiten ari zena herri guztiak jakingo zuela esan nion eta alde egin zuen.

Bi urte pasa dira, bitarte honetan ez da ia inoiz sartu tabernara, ez bakarrik behintzat eta orain gutxi, berriz bueltatu da, goizaldean eta intentzio berdinekin, bi egun ezberdinetan. Beste langile batzuk zeuden kasu hauetan. Oraingoan, lehenago ezer egin izanaz damututa, inguruko pertsonekin hitz egiten hasi ginen, informazioa biltzen bai kalean eta baita udaleko segurtasun langileekin ere. Lortu dugun informazioaren arabera, urteak daramatza (hiruzpalau) horrelako sexu erasoak egiten (kalean, tabernetan, autobusean masturbatzen, jendeari begira). Bere etxeko portalean hasi zen eta ekintza eremua gero eta zabalagoa da”.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!