Kreditu aldaketari onarpena eman dio udalbatzak

Jon Miranda Labaien 2018ko uzt. 20a, 08:00

2018a bukatu bitartean 888.000 eurotik gorako inbertsio sorta egitea aurreikusi du udal gobernuak eta proposamenari oniritzia eman zioten EAJk eta PSE-EEk azkeneko osoko bilkuran. EH Bildu abstenitu egin zen.

Asteazkenean ospatutako osoko bilkuran, Amasa-Villabonako udalbatzak aurrez Ogasun batzordean onartutako kreditu aldaketari oniritzia eman zion, EAJ eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. 888.400 euroko kreditu aldaketarekin, ondorengo proiektuak ahalbidetuko dira urtea amaitu bitartean: Errebote plazako erreforma integrala, Amasako pilotalekuaren birmoldaketa, Oriamendi auzoko etxebizitzaren egokitzapena, Fleming eskola publikoko erreformak, obrako brigadentzako bi ibilgailu berrien erosketa eta Olaederra kiroldegiko kutxatilen eta filtroen konponketa.

EAJren udal gobernuak egindako proposamena atera da aurrera, eta EH Bilduren udal taldea «harrituta» geratu da diru kopuruarekin. Xabat Laborde zinegotziak osoko bilkuran adierazi zuenez, «kopuru handia da, gerakinaren bi heren, eta azkeneko bi urteetako inbertsio kopurua adinakoa egitea aurreikusten da datozen sei hilabeteetan». Berez, udal batek gerakinean duen diru kopurua erabiltzeari ez dio gaizki irizten koalizio abertzaleak, «baina kreditu aldaketa honek duen dimentsioa ikusita, arduraz jokatu beharra» azpimarratu du.

EH Bilduk zalantzak azaldu ditu, larrialdi egoeran dauden pertsonak hartzeko eta gizarte gaiekin lotuta dauden beste kasuetarako Oriamendi auzoan udalak duen etxebizitza birgaitzeko 80.000 euro erabiltzearekin. «Ez ote da prezipitatuegia hainbeste diru gastatzea, zehazki herrian zein behar dauden jakin gabe?». Eneko Urdangarin Ongizate saileko zinegotziak erantzun zion Laborderi, esanez, gizarte zerbitzuetako teknikarekin koordinatuta egin dela lana eta 2015etik gauzatu den proiektua izan dela. Alkateak berak ere nabarmendu zuen, Villabonan erroldatu eta larrialdi egoeran dagoen emakume bat badagoela herritik kanpora bizi dena, Villabonan hura artatzeko etxebizitzarik ez dagoelako. «Beharra, egon badago».

Amasako frontoian egingo diren obrei dagokionez, EH Bildutik galdera luzatu zioten udal gobernuari zergatik egin asmo den orain, duela urtebete aurreikusitako inbertsioaren bikoitza, 253.400 euro. Alkateak azpimarratu zuen, hasiera batean aurreikusten zen proiektua dela orain aurrera eramango dena, teilatua, paretak eta komunak egokituko dituena: «Ikusita aurretik ezin genuela gerakinean zegoen dirua erabili, proiektu xumeago bat eskatu genuen eta 117.000 eurokoa proposatu ziguten. Orain, kreditu aldaketa egiteko aukera dugunez, egokia iruditu zaigu hasierako proiektura itzultzea».

Azkenik Erreboteko plaza berritzeko asmoaz ere hitz egin zuten zinegotziek; lanak egiteko 402.100 daude aurreikusita. Denak etorri ziren bat plazaren egoera kaxkarra dela azpimarratzerakoan, baina EH Bilduren izenean Labordek aipatu zuen herritarren parte hartzea ahalbidetu behar dela proiektua gauzatzeko: «Ikusita plaza dela herriko eremu publiko garrantzitsuena, eta nolabait gure herriko ikonoa, herritarren parte hartzearekin erabaki behar da bere birmoldaketa, hain justu, horretarako alderdi guztiek adostu genuen parte hartzeko ordenantza baliatuta». Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak azpimarratu zuenez, «jendeak eskatzen badu eta sinadura nahikoa biltzen bada, ordenantza horretan jasoa dagoen bezala abiatu daiteke prozesu bat. Dena den, niri urgentziazkoa iruditzen zait plaza berritzea eta aurkeztu zaigun proiektuak plazak dituen erabilera guztiak errespetatzen dituela uste dut».

Kreditu aldaketarekin aurreikusten diren gainerako inbertsioekin bat etorri dira udal talde guztiak: Fleming eskola publikoko erreformarekin (ohiko 85.000 euroko aurrekontuari 19.500 euro batuko zaizkio), obrako brigadentzako bi ibilgailu berrien erosketarekin (52.500 euro) eta Olaederra kiroldegiko kutxatilen eta filtroen konponketarekin (10.300 euro).

Auditoria energetikoa

Asteazkeneko bilkuran, herriko auditoria energetikoa onartzeko eta energia zerbitzuak eta herriko argiteria berme osoz mantentzeko zerbitzu emakidarako kontratazko espedienteari hasierako onarpena eman zitzaion EAJ eta PSE-EEko aldeko botoei esker. EH Bildu abstenitu egin zen: «Duela astebete jaso ditugu pleguak eta ez dugu denbora nahikorik izan behar bezala aztertzeko. Ez dugu uste korrika eta presaka hartu beharreko erabakia denik. Argi daukagu, argi-kutsadura eta energia aurrezpena funtsezko irizpideak izan behar direla, baina baldintza hauetan ez dugu uste erabaki irmorik hartu daitekeenik». EAJko Urdangarinen esanetan, «gobernua gai hau lantzen ari da 2016tik eta eredu hau bera kolore ezberdinetako udalekin kontrastatu dugu. Uste dugu abantaila asko ekarriko dizkiola herriari».

Aurretik ere argi geratu izan den bezala, EAJ eta PSE-EEk eta EH Bilduk ikuspegi kontrajarriak dituzte herriko espazio publikoetan publizitatearen eta propagandaren erabilera arautzen duen udal ordenantzaren inguruan. Asteazkenean eman zitzaion behin betiko onarpena, ordenantzari egindako alegazioak erantzun ondoren. Labordek, Nora Urbizuk eta Arantxa Lopezek jarritako helegiteari udal gobernuak emandako erantzuna «pobrea eta argumentu gutxikoa» dela irizten dio EH Bilduko udal taldeko eledunak. «Konpromisoa hartzen dugu etorkizunean gauzak beste modura egiteko, patxadaz eta debeku eta zigorrak alde batera utziz. Espazio publikoaren erabilera egokia eta adierazpen askatasuna uztartuko dituen eta adostasunean oinarrituko den araudi berri bat egiteko konpromisoa hartzen dugu». Urdangarin jeltzaleak zalantzan jarri zuen adostasunerako koalizio abertzaleak izan duen prestutasuna, «apiriletik hona ez dugu zuen deirik jaso gai hau lantzeko eta osoko zuzenketa jartzea izan da egin duzuen ekarpen bakarra. Argi adierazi nahi dugu ordenantza honek ez duela adierazpen askatasuna urratzen».

Euskaraldiarekin bat

Aho batez, zinegotzi guztiek erakunde adierazpena onartu zuten Euskaraldia sustatzeko. Ibon Ariznabarreta alkateordeak irakurri zituen udalbatzak hartu dituen konpromisoak: «Erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen dugu. Gure zeregina izango da Euskaraldiaren markoan udal barrura begira ekimena zabaltzea eta ahalik eta Ahobizi eta Belarriprest gehien aktibatzeko urratsak ematea».

Pausoak herritarrekin batera eman nahi dituztela azpimarratu zuen Ariznabarretak eta neurriak hartuko dituztela agindu, hizkuntza praktika berri horiek posible egiteko. «Udal barruan kanpaina sustatzeaz gain herritarrak ere gonbidatuko ditugu ekimenean parte hartzera eta izen emateko bideak erraztuko ditugu». Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunetan egingo den ariketa praktikoa izango da Euskaraldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!