Ez delako bizikleta bat, pertsona bat baizik

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 17a, 14:31

Euskal Autonomia Erkidegoan federatutako 277 txirrindularitza talde daude guztira. Horietako batzuetan, haurrekin lan egiten dute, beste batzuetan, berriz, kirol honetarako afizioa duten pertsonak biltzen dira, zikloturista modura. Villabonako Irrintzi elkartea horren adibide da; lehen eskola bat zen, eta orain, jende gutxiago ibiltzen denez, zikloturista talde bat eta triatloietan aritzen direnen talde bat ditu.

Gaizka Ezeizak (Villabona, 1991) betidanik izan du bizikletarako afizioa eta duela gutxi sartu zen elkartean. Txirrindularitza sekzioko kudeatzailea da bera. Ezeizak dioenez, errepideetan geroz eta txirrindulari gehiago ikusten dira, eta horrek, istripuak gertatzeko arriskua areagotzea dakar. «Nahiz eta egoera behin eta berriz azaldu, kontzientzia handiagoa behar du jendeak, ez zaiolako beharrezko garrantzirik ematen. Izan ere, une puntual batean gogaituta egotetik aurretik eramateraino alde handia dago».

Euskal Herrian, geroz eta handiagoa da bizikleta gainean aritzeko afizioa. Ezeizak, alabaina, argi du, edozein tokitan, txirrindularia, beste ezer» baino lehen, pertsona dela. «Txirrindulari madarikatuak!» bezalako esamoldeak entzun izan ditu zenbait gidariren ahotik. Hortaz, kontzientzia handiagoa, horiek izan beharko luketela uste du. «Nahiz eta askotan aurreratzeko gogoa eman, guztiek eskubide berdinak dituzte errepidean». Hala ere, istripu bat gertatzean, errua autoarena soilik ez dela izaten ere aitortzen du, baina alderaketa eginda, «kontuan izan behar da, autokoa bizikletakoa baino seguruago doala». Bestalde, bizikleta gainean erotuta ibiltzen direnak ere izaten direla dio.

Esperientzia pertsonaletik abiatuta, orain, lehen baino lasaiago ibili daitekeela uste du Ezeizak, agian, kirol honen gizarteratzea handiagoa delako gaur egun. «Bizikletan ibiltzen diren askok hartzen dute edozein unetan autoa, eta horiek errespetu handiagoa izaten dute besteekiko». Egoera lehen baino hobea den ala ez jakitea, ordea, ia ezinezkotzat jotzen du, nahiz eta aldaketa txiki batzuk eman diren.

Hamar urte besterik ez zituen, errepideak justu antzean ezagutzen zituela, bizikletan ibiltzera irten zenean. Afizio galanta zuen, baita errepideko gainontzekoekiko errespetua ere, baina egun hartan ezagutu zuen lehen aldiz zer den istripu bat. «Stop batean geratu nintzen, eta atzeko autoak gauza bera egin zuen. Aurrera joateko esan zidan niri, bidean jarraitzeko, baina berak ere horixe egin zuen, halako batean, jo ninduen arte. Sustoa handia, nahiz eta harrigarriena ondoren berak alde egitea izan zen». Azkenean nor zen jakin ahal izan zuen, baina ez zen ondorio larriagoetara heldu.

Horrelakoak ez gertatzeko zer egin daitekeen galdetuta, Ezeizak argi dauka. «Eskoletan, gaztetxoei nolabaiteko arau batzuk irakastea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Horrela, gutxieneko ezagutza bat lortzera heldu daitezke». Horrez gain, txirrindulari gehien aritzen diren lekuak, leku apartatuak direnez, «beharrezkoa da panel gehiago jartzea, zenbait errepidetan, animalienak aurki daitezkeen bezala, txirrindulari batekin topo egin dezakezula ohartarazten zaituztenak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!