Erika Amundarain, hirugarren Deban

Ataria 2018ko uztailaren 4a

XI. Debako Itxasmila zeharkaldian hirugarren amaitu zuen billabonatarrak.

Deba Xtreme Kirol Taldeak antolatzen duen Itxasmila zeharkaldia hirugarren amaitu zuen Erika Amundarain billabonatarrak asteburuan.

Mutriku eta Deba arteko hiru kilometroak 43:21eko denboran egin zituen. Bigarren postua gertu izan zuen, 26 segundora. Leire Ceciaga Lizarra azpeitiarrak eskuratu zuen aurretik.

Ioseba Mateos Mateos ibartarra, berriz, bederatzigarren sailkatu zen. 40:07ko denbora egin zuen.

Marea Urdinari babesa

Podiumean, Marea Urdinari babesa eman zioten igerilariek. Hain zuzen, asteburu honetan egingo dute Marea Urdina deitu dioten zeharkaldia, Autismoa eta bere errealitateak ezagutzera emateko helburuarekin. Gipuzkoako kosta osoa zeharkatuko dute, igerian, erreleboka.

Bi etapatan egingo dute zeharkaldia. Larunbatean, Mutrikuko Saturraran hondartzatik Oriora joango dira, 26 kilometroko bidea osatuz. Igandean, berriz, 36 kilometro egingo dituzte, Oriotik Hondarribiaraino.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!