Ai Laket!! elkartearen eta Villabonako Udalaren arteko lankidetzari esker programa hau martxan jarri ahal izango da, lehen aldiz, aurtengo Santio festetan. "Udal aurrekontuan txertatu bezala, drogei buruzko programa hau burutuko dugu aurtengo jaietan", esan du Eneko Urdangarin Ongizate zinegotziak. Aurkezpen ekitaldian izan dira, baita ere, Maite Izagirre alkatea, Arantxa Lopez EH Bilduko zinegotzia, Aitziber Murua Gazteria, Hezkuntza eta kirol teknikaria, Mentxu Julian Ongizate teknikaria eta Eusebio Lizarazu Udaltzainburua.
Ai Laket!! 1998an sortu zen kolektibo bezala eta 2002. urtean irabazi asmorik gabeko elkarte bezala eratu zen. Droga ilegalen kontsumitzaileek eta kontsumitzaile ohiek osatzen dute, eta kontsumoarekiko duten jarrera, "neutro eta ez-morala" dela aipatu du elkarteko kide Ainhoa Maillo Sesmak. "Drogen kontsumoa badago, egia da ez dela beti kontsumo arriskutsua izaten, baina aukera badago horretarako. Guk kontsumo arduratsua bultzatzen dugu".
Proiektu asko gauzatzen dituzte Ai Laket!! elkartekoek eta horien artean dago Testing izeneko programa. "Droga ilegalen erabiltzaileen kezka handienetakoa substantzien adulterazioa da, osasun arriskuak sor ditzakeelako", dio Maillo Sesmak. Horregatik programa honen bitartez erabiltzaileei ohartarazi nahi zaie substantzia ilegalen inguruko osasun kontrol ezaz. Arriskuak murrizteko kontzeptuak zabaldu, eta batez ere, hausnarketa piztu nahi dute elkartetik, kontsumoaren zergatiak, bilatzen diren helburuak eta substantziak erabiltzeko dauden moduei buruz gogoeta egin dezan jendeak. "Informazio zehatz eta objektiboa eskaintzen dugu, erabiltzaileak kontsumoarekin lotutako arriskuak hobeto kudea ditzan".
Autokarabana eta karpa
Testing programa aisialdian kontsumitzen duten era guztietako pertsonengana hurbildu nahi du eta horregatik kontsumoa egiten den lekuetara joaten da, jaietara, kontzertu eta jaialdi handietara. Aurten, lehen aldiz, Villabonako Santio festetan izango da Ai Laket!! elkartearen autokarabana, Gazte Egunean, uztailaren 26an, 23:00etatik aurrera Errebote plazan.
Autokarabana ondoan karpa bat jarriko dute eta informazioa banatu. "Erabiltzaileei harrera egiten diegu, galdetegia egin, dauden aktibitateen berri eman eta zalantzak argitzen ditugu. Beharrezkoa izatekotan, autokarabanara zuzentzen gara testa edo informazio pertsonalizatua emateko". Beste toki batzuetan testak sintesi drogetara mugatzen badira ere, Ai Laket!! taldearen autokarabanan jai giroko esparruetan gaur egun kontsumitzen diren substantzia arruntenen testak egiten dira: kalamua, anfetamina edo speeda, kokaina, MDMA edo estasia, ketamina..."Horretarako mikroskopioa, test kolorimetrikoak eta kromatografia erabiltzen dira", Maillo Sesmaren esanetan.
Laginak hartzen dira laborategira bidaltzeko, han analisi kimiko estandarra eginez dosi zehatza eta adulteratzaileen presentzia egiaztatzen da. Emaitzak gero Interneten argitaratzen dira. "Substantzia berrien agerpena zein kontsumo moldeen aldaketari buruzko datuak biltzeko tresna paregabea direla uste dugu".
Substantzien testa da programaren ekintza nagusia eta balizko erabiltzaileak erakartzeko faktore nagusia izan arren, proiektuak prebentzio zein arrisku murrizketarako bestelako aktibitateak ere hartzen ditu kontuan.