Eskualdeko udalerri handien artean gehien birziklatzen duena da Amasa-Villabona

Ataria 2018ko uztailaren 3a

Tolosa eta Andoaingo datuak "nabarmenki" hobetu direla aipatu du Amasa-Villabonako udal gobernuak.

 

2018ko lehenengo hiruhilekoari dagokion udal hondakin solidoen kudeaketaren balantzea bidali dio udalari Tolosaldeako Mankomunitateak. Herriz herriko analisia egin du udal gobernuak eta aipatu duenez, "aurreko urteko zenbakiekin gertatu zenaren antzera, oso positiboak dira Amasa-Villabonari dagozkion datuak eta mankomunitateak 2020. urterako ezarritako %65eko gaikako bilketaren helburua soberan gainditzen du berriro ere".

Txostenaren arabera, Amasa-Villabona, %78,63rekin, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten eskualdeko herrien artean birziklapen portzentaia handiena duen udalerria da. Ibarraren aurretik lau puntura (%74.90), Tolosak baino ia 10 puntu gehiago (%69.13) eta Andoain baino askoz aurreratuago (%45.83) dagoena. Zizurkilekin (%64.09) alderatuz gero ere "oso emaitza positiboa" izaten jarraitzen du. Tolosaldeako neurketa osoan, Amasa-Villabona eskualdeko bataz bestetik 15 puntura kokatzen da.

Udaletxearen iritziz datu hauek, "birziklapenaren ehunekoaren kontsolidazio argiak (gure herria bezalako biztanle nukleoan beti erraza izan ez dena) erakusten du, 5 edukiontzien sistemarekin herriak duen sintonia maila altua, errefusa eta organikoarentzat txipa duten txartelen ereduaren baliagarritasuna eta birziklapena gehien sustatzen duen kudeaketa metodoa atez atekoa dela esaten duen argumentuaren faltsukeria".

Datu hauen gaineko balorazio positiboa egin arren, Maite Izagirrek (EAJ-PNV) gidatzen duen gobernuak, ez du "autokonplazentzian" erori nahi eta horregatik, legealdi honetan martxan jarri zuen etengabeko hobekuntza prozesua garatzeko apustua egiten jarraituko du. Alkatearen ustez, “oraindik ere konpondu behar diren hutsuneak daude, argi dago biztanleriaren ehuneko txiki batek oraindik ere ez duela zerbitzuaren erabilera egokia egiten eta horregatik, sistema berriaren erabilpenaren inguruko ikerketa jarriko da martxan udazkenean, horrek, hutsuneak antzeman eta hobekuntzarako konponbideak eskainiko ditu”.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!