Jendetza elkartu da sanferminetako erasotzaileen baldintzapeko askatasunaren aurka

Ataria 2018ko ekainaren 22a

Argazkia: Twitter (@EHBilduAmasaVIl)

Villabonako Errebote plazan izan dira dozenaka herritar, Lurgatz Talde Feministak deitu duen elkarretaratzean. "Ez dago gure hitza epaituko duenik" eta "justizia patriarkalarekin" amaitzeko mezuak zabaldu dituzte mobilizazioaren bidez.

Nafarroako Auzitegiak baldintzapeko askatasuna onartu die sanferminetan taldeko sexu erasoa egiteagatik zigortutako bost gizonezkoei. Bermea ordaindu dute, eta libre dira bostak: Iruñeko espetxean zeuden hirurak 18:00ak aldera atera dira, eta beste biak 19:30 inguruan. Kaleratze autoari helegitea jarriko dietela jakinarazi dute aldeek. Hainbat hiri eta herritan egin dituzte mobilizazioak.

Bihar, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Tolosako Trianguloa plazan, Batukada Feministaren saioa hasi aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!