Villabonako parrokiako organoa berritzen ari dira

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 15a, 11:47

9.500 euroko aurrekontua izango dute berreskuratze lanek.

56 notaz osaturiko eskuko hiru teklatu eta 30 notako oinetarako beste teklatu bat dituen Villabonako elizako organoa 1920an eraiki zuen “Eleizgaray y Cia” enpresa azpeitiarrak eta 20 urte baino gehiago zeraman konponketa sakonik egin gabe.

Udalarentzat garrantzitsua da udalerriko ondare musikala egoera onean mantentzeko behar den guztia egitea, eta horregatik, Igorreko (Bizkaia) Taller de Organería Turanzas entzutetsuari eman zaizkio konponketa eta berrikuntza lanen ardurak. Bere ardura izango da, organoaren barrualdea garbitzeko hodi guztiak desmuntatu, pipiaren aurkako tratamendua eman eta beste elementuen sekretuak doitzea. Behin lan hauek amaituta, egoera txarrean dauden organoaren beste elementuetan jardungo dira (kontsola, kaxa eta fatxada, altzaria, etab.).

Garbiketa eta elementuen konponketa amaitu ondoren, instrumentua afinatuko da musika kalitate egoera hoberenean erabili ahal izateko.

“Turanzas y Organeros” enpresak, esperientzia zabala eta egiaztagarria du lan eremu honetan. Algortako (Bizkaia) Padres Trinitarios organoa, Gijoneko San Jose parrokiakoa, Oviedoko San Juan el Real Basilikakoa… konpondu dituzte besteak beste. Mertxe Garmendia kulturako zinegotziak azpimarratzen duen moduan, “horrelako lanak, fidagarritasun eta prestigio egiaztagarria dituzten enpresekin egin behar dira beti”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!