Amasa eta Villabona elkartu zirela 400 urte beteko dira 2019an

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 12a, 16:31
Maite Izagirre alkatea eta udaleko zenbait zinegotzi izan dira urteurrenari buruz egin den lehenengo agerraldian.

Urteurrenari garrantzi berezia eman nahi diotela azaldu du Maite Izagirre alkateak; egitaraua prestatzeko, bi talde osatuko dituztela jakinarazi du, instituzionala eta herrikoia.

Hurrengo urtean, 2019an, Amasa-Villabonak 400 urte beteko ditu. «1619an ziur aski arazo ekonomikoei modu egokiago batean aurre egiteko eta bien arteko liskarrei amaiera emanez, bi herriek, Amasak eta Villabonak, batasun politiko eta juridikoaren bidea ireki zuten», azaldu du Maite Izagirre alkateak, urteurrenari buruz udalak egin duen lehen agerraldian. «Egungo udal ordezkari gisa gure historiaren data garrantzitsu honi parada berezi bat eskaini nahi diogu. Udalerri batek ez ditu egunero 400 urte betetzen», gaineratu du.

Izagirrek gogora ekarri du nola izan zen udalerri bateratuaren hasiera: «Urte hartan bilera guneak adostu, udal hauteskundeen legedi berria onartu eta kargu  publikoen eginbeharrak zehaztuko zituen ordenantza berria  eratu nahian, bi herriek ordezkari propioak izendatu zituzten. Azken erabakia falta zen, delegatuek onartutako ordenantza berria herri batzarrak berrestea. Gertakari hori 1619ko urriaren 3an burutu zen, eta batzar hartan Muñokiko Miguel eta Urresti baserriko Joanes Lizarraga kontra azaldu ziren».

Urteurrena ospatzeko hurrengo urte osoan zehar gauzatuko diren jardueren egutegi bat antolatzeko garaian, udalean bi ezaugarri garbi izan dituztela azaldu du alkateak: «Lehenik, ekitaldi programa parte hartzailea izan behar duela. Eta bigarrenik, bi arlo bereizi behar direla, arlo instituzionala eta arlo herrikoia. Garbi izan dugu, beraz, urteurren hau ez dela udalarena soilik, herritar guztiena baizik, amasar eta billabonatar guztiena».

Arlo instituzionalean antolatuko diren ekintzak erabaki eta abian jartzeko, alderdi politiko guztien parte hartzearekin lan talde bat eratuko dutela azaldu du Izagirrek. Arlo herrikoian, berriz, Amasa eta Villabonako kirol eta kultur eragile guztien beste lan talde iraunkor bat osatzeko asmoa dute, «urte amaierako ekintza egutegi bat aurkeztuz». Hain justu, ekaina bukatu baino lehen  bi lan taldeak eratuak egotea nahi du udalak.

Bestalde, udalak baditu ekintza batzuk aurreikusita 400. urteurrenerako. Lehenik, Sebastian Insaustik 1972. urtean herriko historiari buruz eginiko libururaren berrargitalpena egingo dute, edizio berri batean. Bigarrenik, Amasamendiko Aranerreka bidearen inguruan kokatzen diren karobietan historiari buruzko bisitak, Burdina kultur taldearen eskutik. Hirugarrenik, Oinkari herriko dantza taldearen emanaldi berezia 400. urteurrena ardatz izango duena.

Urteurrenaren logoa

«Egitarau berezi honek identitate propioa izan nahi du», azaldu du Izagirrek eta 400. urteurrenarentzako sortutako logotipo berria aurkeztu du: «Alde batetik, irudi moderno bat bi herrien lehen letrak azalduz eta batuz, A eta V, Amasa-Villabona. Eta ondoan 400 zenbakia. Bestetik, leloa: 2 herri helburu 1». Esaldiak bere esanahia duela gaineratu du alkateak: «Amasak eta Villabonak herri izaera, bere nortasuna, izan dutela eta dutela adierazten du. Eta aldi berean 1619tik aurrera bi herri horiek bere etorkizuna modu bateratuan jorratu nahi izan zutela eta dutela nabarmentzen du».

Aurtengoan zein datorren urtean logotipo berriaren irudia izango duten zapiak banatuko dira Villabonako Santio festetan eta Amasako San Martin festetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!