Opera emanaldien balorazioa egin du kultura sailak

Ataria 2018ko ekainaren 6a

Urtarrilean eta apirilean bi eskaini dituzte Gurea zinema aretoko pantailan eta "oso ondo" baloratu du esperientzia kultura sailak.

Denboraldi honetan, lehen aldiz, opera izan da ikusgai Gurea aretoko pantailan. "Apustu ausarta" izan da emanaldi liriko hauek egitea udalaren esanetan; "alde batetik, Villabonako publikoa ez dagoelako ohituta genero hau Villabonan ikustera, eta, beste alde batetik, proposamen hauek ez direlako toki guztietan arrakastatsuak izaten".

Bukatu berri den denboraldi honetan, bi opera ikusi dira pantailan, biak Sidneyko badiako ingurune paregabean antzeztutakoak: Madama Butterfly, urtarrilaren 18an, eta La Traviata, apirilaren 26an. "Harro esan dezakegu gure aurreikuspenak bete egin direla, lehenengo emanaldira 71 lagun hurbildu zirelako, eta 66 bigarrenera", aipatu dute udal arduradunek. Gainera, bertaratu zirenek atsedenaldian aperitibo bat hartzeko aukera izan zuten, giro onean, eta esperientzia hori "oso ondo" baloratu zuten bertaratutakoek.

Ekimenaren balorazio positiboa egiten du, beraz, Villabonako Udaleko kultura sailak, eta adierazi dute bide horretan aurrera egingo dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!