Laguntza ekonomikoa eman die udalak Amasako baserritarrei

Ataria 2018ko maiatzaren 31

Osatuz Herrigintza programaren barruan 2.500 euroko diru laguntza jasoko dute baserritarrek sasiak garbitzeko makina erosteko.

Joan den maiatzaren 15ean, Maite Izagirre alkateak, udal hitzarmenaren zirriborroa eman zion Amasamendiko abeltzainen elkarteko presidentea den Joxe Mari Ugartemendiari; akordio horretan azaltzen denez, elkarteak 2.500 euroko diru laguntza jasoko du udaletik, sasiak garbitzeko makina erosteko.

Osatuz Herrigintza programaren lehenengo fasean bildutako konpromisoa da eta bere momentuan, ezin izan zen gauzatu elkartearekin lotutako gai batzuengatik. Pasa den maiatzaren 28ko gobernu batzordearen akordioaren ondoren, ofizial egin da auzolaneko lanak sustatzeko laguntza ekonomikoa.

Pasabideko pintaketak

Osatuz Herrigintza programako bigarren faseak bere egitaraua garatzen jarraitzen du. Segurtasun eremuaren barruan, Txermin eta Arratzain lotzen dituen lurpeko pasabidea pintatu da, baina kasu honetan, udalaren esanetan, "emaitza ez da guztiz positiboa izan". Egokitzapen lanak amaitu eta egun gutxira, "izaera politiko eta beste mota batzuetako pintadak agertu dira berriro, horrek, gizabidearen aurkako gertaera hauekin amaitzeko oraindik ere, pausu asko falta direla erakusten du", esan dute udal gobernuko kideek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!