Indarkeria sexistaren aurkako mataza ehunduko dute

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 30a, 12:51

Astigarragako Harituz elkarteak sustatutako Berdintasuna Ehunduz egitasmora batu da Amasa-Villabonako Udala eta ekimenak burutuko ditu aurtengo azaroaren 25ari begira.

Astigarragan sortu zen egitasmoa 2014an eta lau urteotan 40 herri eta herrialde baino gehiagotako hainbat emakumek lau kilometro baino gehiagoko begizta kolektiboa ehundu dute. "Topaketa bakoitzean sendotu egin da indarkeriaren aurkako borroka", esan du Isabel Otero, Astigarragako berdintasunaren aldeko gizon eta emakumeen eskolako kideak.

Gainera, lau urte hauetan sortutako begiztak Espainiako estatuko hainbat autonomia erkidegotan eta munduan zehar bidaiatu du. Egun, zati bat, Suedian dago, esate baterako. Herrialde askotako elkarte eta kolektiboen parte hartzeari esker osatu da beraz.

Iazko azaroan, esate baterako, ATLCR (Tunezeko Arrisku Jarreren Kontrako Elkartearen) bisita jaso zuten Astigarragan eta indarkeria matxistaren aurkako ekitaldietan parte hartu zuten. Orain, Euskal Herrian zabaldu nahi dute Indarkeria sexistaren aurkako matazak izeneko kanpaina, eta besteak beste, Beasainekin batera, Amasa-Villabonak ere parte hartuko du ekimenean.

Eneko Urdangarin, Villabonako udaleko gizarte politika, migrazio eta parekidetasun zinegotziak aurtengo azaroaren 25ari begirako asmoak aipatu ditu: "Mataza horiek ehundu nahi ditugu herrian eta herriko eragileak gonbidatuko ditugu". Herriko ikastetxeekin hitz egin dute eta ikasturte hasieran gaia landuko dute matazak lotzeaz gainera, bestelako proiektuak garatuko dituzte. Azaroaren 17tik 25era, Olaederra kiroldegiak eta Santiago egoitzak ere parte hartuko dute ekimenean eta aste horretan, herriko merkatariei gai horrekin lotuta erakusleihoak apaintzea proposatuko zaie.

Udal langileei bere oihala ehuntzeko proposamena egin eta udaletxeko balkoitik zintzilikatzeko gonbita luzatu zaie, "era horretan erakina apainduta geratuko da", esan du Urdangarinek. Udal talde guztiek babestu dute indarkeri sexistaren aurkako kanpaina hau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!