Ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko deia luzatu du Villabonako Udalak

Ataria 2018ko mai. 29a, 18:24

Maiatzeko osoko bilkuran onartu dute Gure Esku Dagok aurkeztutako mozioa. Atzera bota dute, ordea, EH Bilduk Gipuzkoako aberatsenei zergak jaisteko erreformari buruz proposatutakoa.

Amasa-Villabonako udalbatzaren gehiengoak bat egin du Gure Esku Dagok ekainaren 10ean antolatu duen ekimenarekin eta bando baten bitartez, giza katean parte hartzeko deia luzatuko die herritar guztiei. Erabaki hori babesteko, argazkia atera zuten astelehenean batzar aretoan mozioa babestu zuten zinegotziek; Batzarrean parte hartu zuten guztiek, Maria Luisa Arijak izan ezik, sozialistak proposamenaren kontra bozkatu baitzuen.

Gure Esku Dagoren izenean hitz egin zuen kide batek eta giza katerako deialdia eginez herrian kartelak jartzeko tokia murritza dela aipatu zuen: «Esan digute udalak ordenantza bat onartua duela hori arautzeko. Gure asmoa ez da legearen kontra joatea, baina inguruko herriekin konparatuta baztertuta sentitzen gara. Ba al dago alternatibarik hori saihesteko?». Aipatutako ordenantza hori, oraindik ere ez dagoela onartuta jakinarazi zien Gure Esku Dagoko kideei EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek. «Publikoki ikusgai dago jendeak bere helegiteak jarri ditzan eta tramitazio guztia bete arte, indarrean dagoen ordenantza 1989koa da. Hortaz, zuek jarritako kartelak kentzeko erabakia, udal gobernuaren borondate politikoaren arabera dago».

Haserre erantzun zion Laborderi Eneko Urdangarin jeltzaleak: «Irakurketa oso partidista da egiten duzuna eta herri ordezkari batek hitz horiek esatea oso larria da». Urdangarinen esanetan, gainera, «1989ko ordenantzak dio pankartak ezin direla jarri eta udal erakundeetan jartzekotan beti baimena eskatu behar dela». Gure Esku Dagoko kideek agertutako kezkari erantzunez, gaia bideratuko dutela jakinarazi zuen ordezkari jeltzaleak.

Zerga politikaz eztabaida

Giza kateari babesa emateko alderdi abertzaleak batu ziren bezala, EAJk eta PSE-EEk bat egin zuten EH Bilduk aurkeztutako mozioaren kontra egiteko. Gipuzkoako aberatsenei zergak jaisteko erreformaren aurkakoa zen koalizio abertzaleak aurkeztutako testua eta Arijak, Batzar Nagusietan bere taldeak bozkatu zuenarekiko «koherentziaz» eman zuen mozioaren aurkako botoa. «Diziplina hutsagatik?», galdetu zion EH Bilduko Labordek, «halako zerbait», erantzun zion zinegotzi sozialistak.

EH Bilduk aurkeztutako mozioan aipatzen denez, «Gipuzkoako 38 aberatsenek, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko dute urtero eta guztira 15,5 milioi euro gutxiago jasoko ditu Gipuzkoako Foru Ogasunak». Egoera horren aurrean, fortuna handien gaineko zerga bere horretan mantentzea eskatu zuen koalizio abertzaleak eta Amasa-Villabonako Udalak publikoki adieraztea ez duela «aberatsenen mesedetan ezarri den 'zerga ezkutua' delakoa babesten». Foru Aldundiari mendekotasuna duten familiek jasotzen dituzten laguntzetan murrizketarik ez egiteko proposamena ere jasotzen du EH Bilduren proposamenak, baina atzera bota zuten PSE-EE eta EAJko zinegotziek. Ibon Ariznabarreta jeltzaleak aipatu zuenez, «fiskalitatea hemen aipatzen diren lau puntuak baino zabalagoa da eta eztabaida hau gai hori landu dutenek egin behar dute, gaiaz ezagutza dezente handiagoa dutelako».

Zuzenketa eskaera

Osoko bilkuraren hasieran eta aurreko bilkurako akta onartzerako garaian, Labordek Amavi udal aldizkarian agertutako artikulu bati egin zion erreferentzia: «Idatzi horretan nire ahotan esan ez nituenak jarri dira eta gainera, aurkeztu ez zen mozio baten albistea ematen da». EH Bilduko ordezkariak jokatzeko modu hori ez dela «batere egokia» aipatu eta zuzenketa egiteko eskatu zion udal gobernuari. «Eta behin zuzenduta, Amavi aldizkariaren hurrengo alean ere horrela agertu dadila». Eskaera aintzat hartuko zutela jakinarazi zion Ariznabarretak udal gobernuaren izenean.

Herenegun egindako ohiko osoko bilkuran, EH Bilduren abstentzioarekin, 2017ko ekitaldiari dagokion kontu orokorra onartu zen, eta besteak beste, udal inbentarioaren eguneraketa onetsi zen aho batez. Gainera, udal hilerriaren araubide eta jarduera araudiaren lehenengo aldaketari hasierako onarpena eman zioten zinegotziek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!