Estereotipo sexisten inguruko lanketa egin dute Zubimusuko ikasleek

Ataria 2018ko mai. 18a, 16:47

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaritzak martxan jarritako Erantzunkide programan hartu dute parte Zubimusu ikastolako LH6ko ikasleek.

Gaia sakontasunez ezagutzen duen gonbidatua izan dute ikasgelan, Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarresta, hain zuzen. "Ardura –esan die Elgarrestak haurrei- partekatu egin behar dugu eremu pribatuan, familian, etxean, denon artean bizitza errazago emateko. Erantzukizuna da erantzuna elkarrekin ematea”. Datuen arabera, emakumezkoak, gizonezkoak baino, bi ordu edo gehiago pasatzen ditu etxeko lanak egiten.

Ordubeteko saioa egin dute. Erantzunkidetasuna, estereotipoak, zaintzaren garrantzia eta berdintasunaren inguruko oinarriak landu dituzte lehenengo eta ondoren, talde lan bat proposatu diete. Ikasleek familia baten etxeko lanen banaketa aztertu behar izan dute. Amaitzeko, denen artean egindako ariketaren harira, hausnarketa egin dute.

Elkarbizitzarako ardatzak diren ardura eta erantzunkidetasuna jorratu dituzte ikasgelan. Elgarrestak erantzukizuna, berdintasunaren bidean, "giltzetako bat" dela azaldu die ikasleei eta eguneroko bizitzan aurki ditzakegun adibideetatik abiatuta, berdintasunarekin eta estereotipoekin loturiko hainbat alderdi hausnartu dituzte.

Izan ere, berdintasun eza, saioan azaldu duten moduan, ez da berez sortzen. "Egin egiten dugu. Hezkidetzaren ikuspuntutik, erantzunkidetasuna ikasi egiten da eta horretarako beharrezkoa da, heziketaren bitartez iraganean eraiki diren patroiak berraztertu eta egokitzea. Emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunerako bidean, lehen urratsetako bat arduren banaketa parekidea eta erantzunkidetasuna lantzea da. Berdintasunaren ardatzetako bat da".

Kontziliazio Erantzunkiderako Plana

Iaz aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Plana. Proiektu honek arreta berezia jartzen du berdintasunean oinarritutako eredu sozial, ekonomiko eta harremanetakoan aurrera egitea saihesten duten estereotipoen eta kultura erabileren dekonstrukzioan. "Emakumeek eta gizonek erantzukizunak, eskubideak eta obligazioak partekatzen dituzte esparru publikoan zein pribatuan, eta beraz, etxeko jarduketen eta zaintza lanen banaketak ere ekitatiboa izan behar du", esan du Miren Elgarresta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako foru zuzendariak.

Foru planaren barruan lankidetza programak aktibatuko dira eta enpresa erantzunkideen sareak sortuko dira traktore gisa aritzeko; kirol jarduerak sustatuko dira, kontziliazioari eta erantzunkidetasunari lotutako kultura garatzeko; eta ikerketa bekak sortuko dira arlo horretan azterketak egiteko. Planaren barruan gazteei zuzendutako prestakuntza saioak egiten dituzte, Erantzunkide izenarekin, estereotipo sexisten inguruan jarduteko.

Gipuzkoako 25 ikastetxeetan ari dira gaia lantzen. LHko hirugarren eta seigarren mailara bitarteko gazteak dira parte hartzen dutenak, eta ikastetxe bakoitzak erabakitzen du zein mailatan eta zein talderekin jorratu gaia. Villabonako Zubimusu ikastolan gauzatu dute gaur saio horietako bat, Elgarrestak aipatu duenez, "genero rolek gizartean eta gure egunerokotasunean zer nolako eragina duten ikusteko".

Saioan bideo, tailer eta lan dinamika ezberdinen bitartez neska-mutikoek etxeko lanak eta zaintza lanak nola partekatzen dituzten azaldu dute. "Ekarpen garrantzitsua egiten dute", esan du Elgarrestak, "eta gainera  ikasitakoa gurasoekin konpartitzeko aukera dute gero". Erantzun "oso egokia" ari da jasotzen aldundia ikastetxez-ikastetxe egindako ibilbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!