Amasa-Villabonako argiteria publikoa eraberritu nahi dute

Ataria 2018ko mai. 16a, 17:20

Gaur egungo azpiegituren inbentarioa egiteko, argiztapen sistemaren teknologia berrikusteko, koadro elektrikoen ezaugarriak aztertzeko, argiztapen maila neurtzeko eta aurrezpen irizpideak jasotzeko ikuskatze bat agindu dio udalak Eficien ingeniaritza enpresari. Argiteria publikoaren %100 berritzeko proposamena luzatzen duen ekintza plana aurkeztu du enpresak.

Hasiera batean, 464.553 euroko inbertsioa egitea proposatu du Rafael Soriano Eficen enpresako zuzendari teknikoak, udalerriko argiztapen guztia berritu eta egokitzeko. «Itzulkina 10 bat urtekoa izango litzateke eta oraingoarekin alderatuta, aurrezpen energetikoa %72,6koa».

Argiztapenaren gaia, «benetan arduratzen» dituen gaia dela aipatu du Maite Izagirre alkateak eta udal kudeaketak «ingurumenarekiko jasangarria eta ekonomikoki zorrotza» izan behar dela sinistuta prestatu dute argiztapen publikoaren kudeaketaren erreforma integralaren ekintza plana. Izagirre kontziente da Amasa-Villabonako argiztapen publikoak «hutsune» asko dituela, «instalakuntza zein kudeaketari begiratuta».

Norabide horretan, gehiegizko kontsumo elektrikoaren ondorio negatiboak murrizten lagundu nahi dute udaletik, baliabideen arrazoizko erabilpena bultzatuz. Ingurumenarekiko konpromiso horrekin batera, segurtasuna ere aipatu du alkateak: «Besteak beste, genero indarkeriarekin lotutako delituak ekiditeko, herriko puntu beltzak ezabatzeko, balio behar du argiztapen publiko egoki batek, baita beste mota batzuetako istripuak ekiditeko ere, elektrokuzioak esaterako». Amaitzeko, konpromiso ekonomikoari ere heldu dio Izagirrek eta aipatu du udalerriko azpiegiturak modu arrazionalean erabiltzea, aurrezki ekonomikoaren «sinonimo» dela.

Azterketaren emaitzak

Kudeaketa plan berri batean sartu aurretik, beraz, egungo egoera aztertu nahi izan dute Eficen enpresari agindutako ikuskatzearekin. Egungo egoera zehatza aztertu eta etorkizuneko kudeaketarako sistemak aztertu nahi izan dituzte. Horretarako, argiztapen publikorako auditoretza energetikoak egiteko IDAE/CEI protokoloa erabili dutela aipatu du enpresako zuzendari teknikoak. «Argiztapen publikoaren osagai guztien analisia egin dugu: luminaria eta aginte zentroez gain, udalerriko gaur egungo instalakuntzaren egoera aztertzeko argiztapen neurketa bat egin da».

Beste udalerrietan ikusten duten egoera antzekoarekin egin dute topo Amasa-Villabonan, ekintza plana aurkezteko agerraldian Sorianok aipatu duenez. «2009tik argiztapen publikoaren efizientzia energetikoaren inguruko arautegi badago martxan eta hainbat azpiegiturek, nahiz eta oraindik ez zaharkituta egon, ez dute araudia betetzen». Eficien enpresako zuzendari teknikoaren hitzetan, «aurrerapen handia» egin da azken urteetan, batez ere, luminariaren arloan: «Kontsolidatutako teknologia da, berme asko eskaintzen dituena eta aurrezpen maila handiak dakartzana».

Udalerriko argiztapen guztia berritu eta egokitzeko 464.553 euroko inbertsioa egiteko proposamena jaso da ekintza planean. Sorianok, horrelako ekintzak egin ahal izateko diru laguntza publiko eta pribatuak existitzen direla aipatu du eta aukera horien «onurak» aztertzeko Eficen enpresaren aholkularitza eskaini dio Amasa-Villabonako Udalari. Bere aldetik, ekintza planari «lehenbailehen» heldu nahi diotela aipatu du alkateak eta epe motzean oposizioarekin eta udal teknikariekin lanean hasteko konpromisoa azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!