Udalak ibilgailu ekologikoa erosi du

Ataria 2018ko maiatzaren 2a

Udaltzaingoaren ibilgailu zaharra ordezkatuko du berriak.

Datorren hilabetetik aurrera Villabonako Udaltzaingoak ibilgailu propio berria edukiko du. Dacia Dokker modelokoa da. Prezio eta kalitate aldetik oso interesgarria eta neurrikoa izateaz gain (11.217,02 euro), eta zerbitzuaren behar guztiak betetzeko adina zabaltasun edukitzeaz gain, gasolina eta gas motorizazio bikoitza du.

GLP deituriko sistemarekin ibiltzen den ibilgailu hibrido hau erostearekin, udalak elementu berri bat gehitu nahi izan dio jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua laguntzeari, gas bidezko motorizazioak (mundu zabalean gehien erabiltzen den erregai alternatiboa) atmosferara gas eta partikula kaltegarri gutxiago igortzen baitu (berotegi efektuko gasen % 15eko isurketa gutxiago) eta ez dauka sufrea edo beruna bezalako elementu kaltegarririk. Gainera, ibilgailu normal batek eragindako kutsadura akustikoa %50ean gutxitzen du.

Udalak aipatu duenez, iniziatiba honekin "pauso bat gehiago" eman du ingurumena babesteko. "Zaborren sistema berria ezartzeak %80 arteko birziklatze-portzentaiak lortzea suposatu badu (inoiz lortu gabekoak) eta Oria ibaian presa kentzeak gure ibaian izokinak berriro agertzea ekarri badu, ibilgailu berria erosteak udalaren ibilgailuen atala berritzean fase berri bat inauguratuko du, etorkizunerako udalaren asmoa kutsadura gutxiago sortzen duten eta jasangarriagoak diren ibilgailuak erosten joatea baita".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!