Eguraldia lagun, larre irekiera ekitaldia egin dute Komizarren

Ataria 2018ko maiatzaren 1a

Gaur, maiatzaren lehenean, Komizarren egin dute larre irekiera ekitaldia eta herriko 10 ganaduzaleei aitortza egiteko baliatu dute eguna, hamaiketako ederra eginaz

Amasako ganaduzaleek 80 behi inguru eta beste hainbeste zaldi ibiliko dituzte Amasamendin, azaroa bitarte. Gaur zuten udako denboraldiari hasiera emateko eguna, eta libre utzi dute ganadua Komizarreko parkean. Gerturatutako herritarrek, bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte abereak.

Villabonako Udalak zazpigarren aldiz antolatu du ekimena eta herriko ganaduzaleei salda beroa eta txorizo egosia eskaini die. Hamaiketakora gerturatutako herritarrek, gainera, txotxetik sagardoa edateko aukera izan dute, aurten lehen aldiz. Ateri eutsi dio goizaren parte handi batean eta giro onean ospatu ahal izan dute larre irekiera ekitaldia.

Dagoeneko Amasamendiko 1.000 hektarea baino gehiagoko larreetan dira artaldeak, «600 buru inguru» eta horiei batuko zaizkie behi, zaldi eta behorrak. Gipuzkoan dagoen onura publikoko mendi handienetako bat da  Amasamendi eta ganaduak mendia garbi edukitzeko egiten duten lana azpimarratu dute udal ordezkariek. Komizarren izan dira gaur, Maite Izagirre alkatea eta Eneko Urdangarin, Ingurumen zinegotzia, besteak beste. Villabonako Udalak, abenduan eman zion behin betiko onarpena, Amasamendi kudeatzeko planari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!