Aitziber Ibarbia eta Julen Larruzea garaile Loatzoko igoera-jaitsieran

Irati Saizar Artola 2018ko apirilaren 29a

Amasako Loatzoko igoera-jaitsieraren XXVI. edizioa izan da gaurkoa; denera, 71 korrikalarik hartu dute parte, horietatik 9, emakumeak. 

Amasatik abiatu, Loatzoko gaina zapaldu, eta berriro ere irteerako lekura bueltatu behar izan dute korrika egitera animatu direnek. 10:30ean eman zaio hasiera mendi lasterketari, Uxo-Toki elkartearen aurretik. Guztira, 9.73 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute.

Julen Larruzea izan da lehena helmuga zeharkatzen; 0:43:42ko denbora behar izan du ibilbidea egiteko. Ondoren, Anartz Artola helmugaratu da, 0:44:2ko denboran, eta segituan zuen Iñaki Olano altzotarra, 0:44:35 behar izan du.

Nesketan, berriz, Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan da garaile, 0:56:24ko denboran ibilbidea eginda. Pare bat minutu geroago iritsi dira hurrengo bi emakumeak: Maialen Gurrutxaga 0:58:42ko denboran helmugaratu da, eta hiru segundo geroago zeharkatu du meta Onintza Mitxelenak, 0:58:45ko denboran.

Podium horiez gain, herriko lehenak ere jaso du bere saria; Eñaut Galarraga 16 urteko amasarrak eskuratu du, 0:51:4ko denboran Loatzotik buelta eginda. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!