Beteranoak pilotan eta debuta bertsotan

Ataria 2018ko apirilaren 28a

Bertso Pilota ekimena antolatu dute gaur Villabonako Behar Zana frontoian eta Amaia Agirre eta Irati Iturbe izan dira garaile. Beñat Karrera gazte billabonatarrak jendaurreko lehen plaza egin du bertsotan.

Villabonako Behar Zana taldean palaz ari diren emakumeek jokatu dute gaurko norgehiagoka. Hiru bikote aritu dira, bakoitza botilero bezala bertsolari bana zutela. Karrera gaztea Kristina Ezkurdia eta Nahikari Iturbe bikoaren bertso-botilero izan da; Oihana Iguaran amasarrak, Beatriz Unzue eta Amaia Azkue aholkatu ditu bertsotan; Eta hirugarren bikotea Amaia Agirrek eta Irati Iturbek osatu dute, kasu honetan, Agirrek lan bikoitza izan du, palaz kiniela irabazten saiatzeaz gainera bertsotan ere egin behar izan baitu.
 
 
Lan doblea izanagatik, hain justu, Amaia Agirre eta Irati Iturbek osatutako bikoteak irabazi du lehia. Kinieletara jokatu dute partida eta Agirre-Iturbe bikoteak aurrea aisa hartu duela ikusita Karrerak partida 25 tantora luzatzea proposatu du bertsotan. Hala ere, ez dute zailtasunik izan 25. tantora iristeko.
 
Jendea gerturatu da gaur Bertso Pilota ekimena ikustera eta ikuskizun "polita" atera da antolatzaileen esanetan.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!