Orain arteko jarduna zabaldu dute Basoko Altzariak-en eta ohiko lanez gain orain, dekorazioa ere lantzen dute. Villabonako egoitzan egiten dutenaz hitz egin dute Jaime Garces eta Amaia Elias profesionalek.
Orain arteko lanari dekorazioa gehitu diozue, zertan datza? Zer da zehazki, eskaintzen duzuena?
Jaime Garces: Bezeroaren esperientzia borobildu nahi dugu. Beti gustatu izan zaigu aholkularitza eskaintzea, eta arlo horretan jendeak merkatuan ezin du aurkitu aholkularitza handirik. Normalean altzari denda batera iristean marka zehatz batzuk ikusi eta dagoenarekin gelditzen gara. Guk esperientzia hori zabaldu nahi dugu.
Amaia Elias: Jendeak bere pertsonalitate eta gustuekin bat egingo duen espazioak bilatzen ditu: hori lortzen dugu dekorazioarekin, espazioaren distribuzio aldaketekin nahiz erreformekin. Orain taldean hiru dekoratzaile eta arkitekto bat gara: bakoitzak proiektua bere aldetik garatzen du eta ideia guztiak bateratua proiektu bakar bat aurkezten dugu. Gure helburua da bezeroak bilatzen duen horri erantzun osatu bat ematea: erreformatik hasi eta dekoraziora arte, edo dekorazioa bakarrik bilatzen badu horixe bakarrik, baina ia mugarik gabe.
Zergatik diozue «mugarik gabe»?
J.G.: Esan modura gure helburua bezeroaren nahi hori betetzea da, eta ez dugu altzaria edo dekorazio elementua bakarrik saldu nahi, horrek bezeroarentzat suposatzen duen esperientzia edota irrika baizik. Ez badaukagu berak nahi duena, sortu egiten dugu, bakoitzaren neurrira. Espazioei bizia eman nahi diegu, eta horretarako elkarlana baino hoberik ez dago.
Espazio bat osatzen duten xehetasun txikienez ere ari zarete, ezta?
J.G.: Horrela da. Bai barruan eta bai kanpoan: zintzilikatuko den azkeneko koadroaz, sukaldeko lanparaz, hormaren paperaz edota atariko landareaz arduratzen gara. Etxebizitzetan ez da agian kanpoaldea hainbeste dekoratzen, denek ez daukatelako horretarako aukerarik. Komertzioetan eta ostalaritzan gehiago zaintzen da hori.
A. E.: Azken horiek jendea erakartzeko ezberdindu egin behar dira eta beraien estiloa jatetxe edo dendari ematen zaion lehenengo begiradan ezagutu behar da. Horregatik kanpoaldeari ere garrantzia ematen diogu: egin dezala bat establezimenduak sentiarazi nahi duen horrekin.
Nola egiten duzue lan? Nola lortzen duzue espazioa ikusi eta kontzeptu baten gainean espazio berriak sortzea?
A. E.: Garrantzitsuena hori da, kontzeptua. Eta kontzeptu hori bezeroarekin hitz egiten garatuko dugu, elkarlanean: zer daukan buruan, zein den bere estiloa, zein berezitasun gehigu nahi dizkion espazioari... Altzarien eta dekorazioaren mundua oso zabala da; beraz, gure bezeroari identifikatuta sentituko den hori bakarrik eskaini nahi diogu. Dekorazioa pertsonala izatea nahi dugu.
J.G.: Kontzeptuen gainean lan egiteko garaian aholkularitza da gure lana. Dekoratzaile, arkitekto edo barne-diseinatzaile bat kontratatzea bezalakoa da, baina guk lan horiek proiektuaren barruan eskaintzen ditugu. Proiektuaren hasieratik amaierara arte egin nahi dugu lan bezeroarekin, lana txikia izanda ere. Hori da gure altzari dendaren berezitasuna. Maiz gertatzen da erreforma baten ostean «hor lanpara bat ondo joango litzateke» pentsatu eta inoiz jartzea: guk ez dugu nahi hori gertatzerik, eta jarri egiten dugu. Proiektua amaitzen dugu.
Zer eskatzen dute bezeroek? Argi izaten al dute zer nahi duten zuengana jotzerakoan?
A. E.: Ideia jakin batzuekin etortzen dira, baina elkarlanean aritu ondoren buruan daukaten hori asko zabaltzen da: tendentzia berriak ezagutzen dituzte, Basoko-n dauzkagun marka bereziak...
J.G.: Azken finean hori da gure lana, egiten dugun honetan profesionalak gara eta gure aholkuritza oso kontuan hartzen dute. Beraiei hasiera batean bururatu ez zaizkien gauzak ere atera daitezke amaieran.
Erreforma integral modura definitu dituzue zuen proiektuak. Zer da erreforma integral bat?
J.G.: Erreforma integrala deitzen diogu proiektua globala edo osoa denean; konpondu beharrekoak konpondu eta bezeroaren gustuko zerbait eraikitzen hasteari edota distribuzioak aldatzeari funtzionalitateari eta erabilerari begiratuta. Obraren lizentzia, aurretiko lanak, paretak behera botatzea, aroztegi lanak, altzariak, elektrizitatea, berogintza, pintura... Gremio asko bateratzen ditugu. Ondoren, dekorazio elementu txikiena jartzeaz ere arduratzen gara, proiektua bere osotasunean amaitzeko.
Hemen nahiko tradizionalak izatearen fama izan ohi dugu, zer nabaritzen duzue zuek? Azken tendentzien bila joaten al dira bezeroak?
A.E.: Asko aldatzen ari da kontua, jendea geroz eta gehiago animatzen da arriskatzera. Marka ausartak ditugu, eta kolore tradizionaletatik alde egiten hasi da jendea. Gainera orain ditugun teknologia eta baliabide berriekin 360 graduko irudiak erakusten dizkiegu, eta jada bezeroak ez du ezer irudikatu behar, dena aplikatuta ikusten du. Etxe biziagoak ditugu orain, eta argi ikusi daiteke hori gure Instagrameko edo Facebookeko azken proiektuen argazkietan.
FITXA
Helbidea. LARREA AUZOA, VILLABONA. N-1 ERREPIDEAREN ONDOAN.
Telefono zenbakia. 943 69 29 65.
E-maila. info@basoko.eus.
Webgunea. www.basoko.eus.
Facebook. facebook.com/basoko.
Instagram. @basokoaltzariak.