750 abelburu inguru larreratuko dituzte Amasamendin

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 26a, 10:30

Maiatzaren 1ean emango diote hasiera ofiziala larre irekierari, Komizarren egingo den ekitaldiarekin.

Amasamendiko lur publikoetara abelburuak bidaliko dituzte maiatzaren 1etik aurrera. Iazko kopuruen antzerakoak izango dira aurtengoak ere. 11 ganaduzalek parte hartuko dute, eta guztira 600 ardi, 80 behor eta 80 behi inguru larreratuko dira. Larreratze horri hasiera emateko maiatzaren 1ean egingo da ekitaldia, zazpigarrenez.

Aurreko legealdian hasi ziren Villabonako Udala eta ganaduzaleak ekimen horrekin eta aurtengoan ere jarraipena eman diote. Astearteko ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta suziria bota ondoren, animaliak larreratuko dira. Eneko Urdangarin Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, «ganadua askatuko dute Amasamendin ganaduzaleek, eta goitik behera etorriko dira Komizarrera».

Amasamendiko larreek bi denboraldi izaten dituzte eta maiatzaren 1ean udaberrikoari emango zaio hasiera, Urdangarinek esan duenez. Ohi bezala, udalaren aldetik salda eskainiko die Komizarrera joaten direnei. Aurten, gainera, berritasun bat ere izango da, sagardo kupela jarriko baitu udalak. Ganaduzaleentzat hamaiketakoa izango da, eta udaletik herritarrei gonbita egin die Komizarrera joateko eta bakoitzak bere hamaiketakoa eramateko. «Salda edota sagardoa izango dute hamaiketakoari laguntzeko», esan du Urdangarinek.

Udaletik ganaduzaleek Amasamendin egiten duten lanari «garrantzi handia» ematen zaiola esan du Urdangarinek. «Azken batean, Amasamendi garbi mantentzeko, ikusten dugu garrantzitsua dela larreetara ganadua ateratzea».

Amasamendiren zati handi bat mendi publikoa dela ekarri du gogora Urdangarinek: «Gipuzkoan Gatzaga eta Amasamendi dira bi herri mendi handienak. Eta guk garrantzia handia ematen diogu horri eta ganaduzaleek ere bai».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!