Loatzoko igoera igandean izango da

Asier Imaz 2018ko api. 25a, 09:55

Amasako mendi lasterketaren XXVI. edizioa izango da; izen ematea egunean bertan zabalduko dute, 09:00etan.

Urteroko legez, aurten ere, Amasako Martina eta Uxo-Toki elkarteek Loatzoko igoera-jaitsiera antolatu dute. XXVI. edizioa izango da igandekoa. Irteera 10:30ean emango zaio mendi lasterketari, Amasako Uxo-Toki elkartetik. Izen-ematea, berriz, egunean bertan izango da 09:00etatik aurrera, hau ere Uxo-Toki elkartean, doan.

Amasako plaza 90 metrotan dago eta Loatzoko gaina 631 metrotan. Loatzora igo eta berriro irteera tokira itzuli beharko du korrikalari bakoitzak, guztira, 9,73 kilometroko ibilbidea eginez. Jaitsiera arriskurik gabekoa dela azaldu dute antolatzaileek.

Sariei dagokienez, lehen hirurek, gizon nahiz emakume, diru ordaina izango dute: lehenek 120 euro, bigarrenek 80 eta hirugarrenek 50. Horrez gain, sari banaketa ekitaldian parte hartzaileen artean zozketa «mundialak» egingo direla jakinarazi dute amasarrek.

LASTERKETA HERRIKOIA

Parte hartzea doan izango da, baina amaieran sariak egongo dira. Ikusleek ere Loatzo gainean salda eta haragi egosia izango dute, eta hau ere doan izango da. Helmugan, korrikalariek ere izango dute jana eta edana. Horri guztiari buelta emateko udalaren eta inguruko denda nahiz enpresa txikien laguntza izan dute antolatzaileek. 20 bat lagun ibili eta ibiliko dira prestaketa lanetan. Guztia, herrikoi izaera mantentzeko helburuarekin. Horregatik, gazte taldekoek eta elkartekoek parte hartzera eta ikustera joateko deialdia zabaldu dute, goiz eder bat pasaz Amasara edo Loatzora bertara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!