Pertsona bat atxilotu dute Villabonan, ihesari eman, era arriskutsuan gidatu eta polizia kotxe bat jotzeagatik

Ataria 2018ko apirilaren 24a

Argazkia: Segurtasun Saila

Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atxilotu du astelehen goizaldean, Amasa-Villabonan. Atxilotua lapurtutako auto bat gidatzen ari zen, eta poliziari ihes egin ostean, arriskuan jarri zituen oinezkoak eta trafiko segurtasuna. Gizonezkoak aurre egin die ertzainei eta droga kontroletan positibo eman du.

Gertaera goizaldeko bostak aldera izan da, Adunako aparkaleku baten inguruan. Peugeot auto batek Ertzaintzaren patruila bat antzeman, eta abiadura bizian ihes egin du. Ertzaintzak atzetik jarraitu dio eta autoa gelditzen ahalegindu dira agenteak. Kotxeak, ordea, argiak itzali eta berriro ere ihes egin du.

Gainontzeko patruilei abisua eman die poliziak, eta Andoainen beste patruila batek kotxearekin topo egin du. Berriro ere ihes egitea lortu du, N-1etik, Villabonara bidean. Herrian barrena era arriskutsuan pasa da autoa, eta hainbat oinezko arriskuan jarri ditu. Une horretan, patruila bat, aurrean jarri eta bidea oztopatu dio aipatu kotxeari. Polizia kotxearen kontra jo eta kolpeagatik, azkenik, geratu da.

Gidariak Ertzainen kontra egin eta agenteak erasotu ditu. Azkenik, gidaria mendean hartu ahal izan dute eta atxilotua izan da Agintearen eta errepide segurtasunaren kontrako delituak egotzita. Kokaina proban positiboa eman du. Kotxea Malagan lapurtua zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!