Asuncion klinikako langileek hitzarmen duin bat eskatu dute Villabonan

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 24a, 12:46

Amasa-Villabonako asteleheneko osoko bilkuran EAJk eta PSE-EEk langileek aurkeztutako mozioa atzera bota eta alternatiboa onartu zuten

Aurretik beste hainbat udal batzarretan egin bezala, Asuncion klinikako ELA eta LABeko langile batzordeko ordezkariek mozioa aurkeztu zuten Amasa-Villabonan astelehenean egindako osoko bilkuran. EAJ eta PSE-EEko zinegotzien kontrako botoekin langileek egindako eskaerak atzera bota zituen udalbatzak. Finean, Villabonako Udalak Inviza enpresari hitzarmen duin bat sina dezala eska diezaion nahi dute langileek eta herritarron diruaren jarraipen zehatz bat egin dadila, kalitatezko osasun zerbitzu bat eta lan baldintza egokiak berretsiko dituena. 

Klinikako langile batzordearen proposamenaren aurrean, EAJ eta PSE-EEko zinegotziak berretsi zuten Eusko Jaurlaritza izan dela klinika pribatu batek zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa ematea bermatu duena, "kontrol publiko guztiei lotuta". Horregatik, "normaltasun labora eta asistentziala" berreskuratze aldera, mozio alternatiboa aurkeztu zuten jeltzale eta sozialistek , non Osasun sailari eskatzen zaion, "bere eskumenak erabilita, eskura dituen neurriak har ditzan Asuncion klinikako enpresak eta langileek berehala konpon dezaten hilabeteak daramatzan lan gatazka". Era berean Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio, "jarrai dezala asistentzia zerbitzuan doakotasuna, unibertsaltasuna eta kalitatea ematen, EAEko beste eskualdekoek jasotzen dutenarekin berdinduta, gutxienez". Bigarren mozio hau onartu zuen Amasa-Villabonako udalbatzak proposamena luzatu zuten bi alderdien aldeko bozkekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. 

Bilkura aretoan izan ziren langileek luze eta zabal azaldu zuten euren egoeraren berri, eta besteak bete, Eusko Jaurlaritzarekin Inviza enpresak duen hitzarmenak jasotzen dituen hainbat puntu ez direla betetzen aipatu zuten, "bereziki azpiegitura eta langileriarekin zerikusia dutenak". Klinikan lan egiten dutenen baldintza prekarioak salatzeaz gainera, hitzarmenaren ondorioz Invizak jasotzen dituen 21 milioi euroen gaineko kontrol handiagoa eskatu zuten: "Udalek eskumenik izan ez arren, organo bat sortu dezake diru publiko hori zertara bideratzen den zehatz kontrolatzeko". Asuncion klinikako langileek argi dute egiten duten lana publikoa dela eta hortaz euren lan baldintzak Osakidetzarekin berdinduak izan behar dutela, eta zentzu horretan, euren lan baldintzak prekarioak diren heinean, eskaintzen den arretak ezin duela kalitatezkoa izan, "nahiz eta gu profesionaltasun handienarekin jardun". 

EH Bilduko zinegotzi Arantxa Lopezek eta Xabat Labordek babesa eskaini zieten batzar aretora gerturatutako langileei eta bat egin zuten aurrera daramaten borrokarekin. Jeltzale eta sozialistei, berriz,galdetu zieten zergatik bozkatu zuten langileek osoko bilkuran aurkeztutako mozioaren kontra. Eneko Urdangarin jeltzaleak nabarmendu zuen, bi taldeek aurkeztutako mozio alternatiboan barnebiltzen zirela eta zehatzago aipatzen zirela langileen mozioan esandakoak. Horrekin batera, "pribatuan", langileen ordezkariekin biltzeko prestutasuna agertu zuen udal gobernuak. 

Frontoiaren erabilera

Galde erreguen txandan Beertoki artisau garagardoen azokako antolatzaileek hartu zuten hitza. Kideetako batek udal gobernuak Behar Zana frontoia erabiltzeko jarritako "debeku eta traben aurrean" kaleratutako manifestua irakurri eta herriko 22 eragilek eta 708 herritar baino gehiagok emandako sinadurak luzatu zizkion alkateari. "Herritar eta eragileok pilotalekua publikoa dela eta honek erabilera anitzak behar dituela aldarrikatzen dugu. Ez dugu betorik onartuko, are gutxiago, alkatetzak aldebakartasunez hartzen dituen erabakiak direnean. Boluntario gisa, herriari bizitasuna emanez ekintzak antolatzen dituztenei errespetua zor zaie, ez dute udalaren aldetik oztopo, zangotraba edo debekurik merezi". Alkateak osoko bilkuran iragarri zuen hemendik aurrera eragile guztiek izango dutela baimena frontoia erabiltzeko. Elkartearen izena aipatu gabe Maite Izagirrek esan zuen, "bi urtez egon dira udaletxean kexak sartzen, bideoak eta argazkiak aurkezten pilotalekua zikina dagoela esanez eta orain atzera bota dira, ni eta gure udal taldea gaizki utziz". Hemendik aurrerako ekitaldiek eragozpenik ez dutela izango esan zuen alkateak. 

Puntu honetan, Beertokiko kideari erantzuna ematerako garaian erabilitako moduak txarretsi zizkion Leire Olasagasti, EH Bilduko zinegotziak. Artisau garagardoen azokako beste antolatzaileetako batek ere, publikotik hitza hartuta, alkatearen jarrera "piromanoa" salatu zuen. "Herrian sua piztu ondoren alde egin duelako, Gipuzkoako Buru Batzarretik etorri behar izan dute su hori itzaltzera". Beertokiko antolatzaileek nabarmendu zutenez, ez da  inolako adostasunik egon udal gobernuarekin, "gure eskaria onartu dute soilik. Berandu eta herrian kristoren zirkua muntatu ondoren". Azokaren inguruan sortu den ika-mikan udal gobernuak atera dituen prentsa oharrak ere ez dituzte begi onez ikusten Beertokikoek: "Traba eta oztopoak jarri ondoren, egin dizkiguten kritiken ondoren, baimena eman eta merituak eraman nahi dituzte, baimena ez denean izan adostasun baten ondorio, herritarren presioagatik baizik".

Udalak azoka errotu eta sendotu nahi duela eta horretarako behar diren laguntzak emateko prest dagoela aipatu zuen ohar horietako batean, baita ekimena sendotze aldera, lekurik aproposena bilatzeko ere. Horren aurrean, ondorengo galderak luzatu zituzten Beertokiko kideek: "Nork esan du beste leku batera mugitu nahi dugunik? Nork esan dizue zuen laguntza nahi dugula? Eskatzen dugun bakarra trabarik ez jartzea da, guztiona dena erabiltzeko eskubidea dugulako". Haserre agertu ziren gazteak, prozesu osoan udalak eduki duen jarrerarekin. 

Katea etxearen erabilera 

Asteleheneko osoko bilkuran tentsio uneak bat baino gehiago izan ziren. Besteak beste, aurreko bilkuraren aktak onartzerako orduan, Xabat Laborde koalizio abertzaleko zinegotziak udaleko webgunean emandako albiste bati egin zion erreferentzia. "Nire ahotan esan ez nituen hitzak ageri dira albiste horretan, audio-aktan konprobatu daitekeen bezala. Beraz, esaldi hori webgunetik kendu eta prentsari zuzenketa jakinarazteko eskatzen dut". Udal gobernuari zuzenketa eskatzeaz gainera, udal gobernuak gune ofizial batean "gezurrak" argitaratzeari "lotsagarria" iritzi zion Labordek. 

Batzar aretoan ospatutako bilkuran, besteak beste, Udaltzaingoaren erreglamenduari hasierako onarpena eman zioten zinegotziek eta udala eta Izenpe S.A.ren arteko lankidetza hitzarmena baimendu zuten. Bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalari Katea etxearen erabilera beste hamar urtetarako lagatzeko kontratua onartzea erabaki zuen udalbatzak, aho batez. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!