[GUTUNA] Herriaren handitasunaz

Irune Alfonso 2018ko api. 19a, 11:02

«Herri txiki infernu handi» halaxe dio esaera zaharrak, eta hori da hain zuzen ere, aste hauetan nire herrian pil-pilean dagoen gaia, Etb-ko saio hori ari baitira grabatzen bertan.

Maite ditut txoko txikiak, gure bazterrak, gureak sentitzen ditugun bazterrak, parke naturalak, haize fresko garbia, erreka, eta txorien kantuak. Herri txiki infernu handi. Herri txikia infernua bada, bertan kiskaltzeak paradisua izan behar du.

Deabruak omen du ate hotza. Lehengusua donostiarra dut, eta askotan aipatu dit bere bizilagunekin ez duela hitzik egiten, ez dakiela nola izena duten. «Deabruarekin topo egitea nahiago nuke» aipatu zidan aurrekoan. Deabruak omen du ate hotza, halakoxea izan behar du hiri batean bizitzeak, hotza. Leire topatu dut eskaileretan, bizilaguna. Halaxe da Leire niretzat, nire bizilaguna. Ondoan bizi den laguna. Kolektibotasuna da herri txikien sena. Elkartasuna. Bizikidetza. Herritarrok gure artean ezagutu eta laguntzea. Elkarrekin aberastea. Herritarrok egiten baitugu herria, Euskal Herria.

Hori baita Euskal Herria. Euskararen herria. Euskarak egiten gaitu euskaldun. «Una cocacola con gel». Barregarria dirudi baina horixe atera zitzaidan ahotik aurreko batean. Gorroto dut hirira joan eta urduritasuna sentitzea tabernariak euskaraz ez dakielako, dendariak euskaraz ez dakielako, erizainak euskara ulertzen ez duelako. Herrira itzuli eta euskara entzutean, ama hizkuntza entzutean, lasaitasuna sentitzen dut. Ama hizkuntza. Etxeko hizkuntza. Hori baita herriak sentiarazten didana, etxeko epeltasuna.

Beraz, ez nazazu etxetik atera. Ez nazazu gertutasunetik urrundu. Ez oztopatu nire bizitzeko era. Ez nazazu bidali pikutara, bidali infernura, infernuan baitut nire sorlekua, nire bizimodua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!