Behar Zana pilotalekuko itxituraren obrak hasi dira

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 17a, 16:07

Beirate moduko hesi bat ipiniko da frontoian eta obrak laster amaituko dira

Astelehen honetan, apirilak 16, Behar Zana pilotaleku estaliaren obrei hasiera eman zaie itxitura perimetrala ipintzeko. Udal ekimen honen helburua, azken urte hauetan instalakuntza hau erabiltzen aritu direnek eginiko eskakizunei erantzuna eman nahirik, pilotalekuaren kontrola eta erabilera hobetzea da, eta aldi berean, lekuaren erabilera zailtzen duten neguko hilabeteetako tenperatura hotzei aurre egitea.

Itxitura pilotalekuaren ekialdeko luzera guztian ipiniko da (plaza aldera) eta eskaileren lekuan ateak jarriko zaizkio estetikoki berdina geratu dadin. Hesia arotzeri metaliko bitartez egingo da eta modularra izango da, beirate modura, lurretik sabaira doan tartea itxiz. Itxitura honen goiko aldea xafla metaliko batzuekin errematatuko da, estrukturari gehituko zaizkionak eta pilotalekuaren aireztapen egokia bermatuko dutenak.

Behin obra bukatu ostean Behar Zana pilotalekua gauez itxi ahal izango da, Amasako pilotalekuarekin egiten den bezala, erabilera desegokiak ekidinez. Udalak, gai honen inguruan onartu berria den ordenantzan oinarrituz, publizitatea eta propaganda itxitura berrian jartzea erabat debekatua geratzen dela gogorarazi du, baita pilotaleku osoan ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!