'Herri Txiki, infernu handi', ostegunean Villabonan

Ataria 2018ko apirilaren 16a

Euskal Telebistaren saio arrakastatsuenetako batek geldialdia egingo du, ostegunean, Amasa Villabonan, Herri Txiki Infernu Handi umorezko saioak.

Mikel Pagadi aurkezlea bere herrian izan da, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera, Herri Txiki Infernu Handi saioa grabatzen. Hainbat herritarrekin hitz egin dute, eta emaitza ostegunean erakutsiko dute Olaederra Kiroldegian, 20:30etik aurrera.

Elkarrizketa horiek ikusteaz gain, Pagadi eta Gurrutxagaren bakarrizketez gozatzeko aukera izango da osteguneko ekitaldian; beste herrietan egiten duten moduan, Sebastian Lizasok bertsoak abestuko ditu.

Villabonako Udalak saio horretarako gonbidapenak banatuko ditu, 16 urtetik gorakoentzat. Gurea zineko leihatilan banatuko dituzte, bihar, apirilak 17, asteartea, honako ordutegian: 11:00-13:30, eta arratsaldez 17:30-20:00.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!