Sacemgo zubian oinezkoentzako pasabidea zabaltzeko proiektua esleitu dute

Ataria 2018ko apirilaren 13a

Amasa-Villabonako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarrizketak areagotzen ari dira egun hauetan.

Legarretako zubi narriatuaren (SACEMeko zubia) birmoldaketak bere bidea jarraitzen du abiadura handiz. Duela aste batzuk Villabonako Udalak iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Zuzendaritzarekin izandako elkarrizketak bide onetik zoazela, eta Aldundiko organo betearazleak pausu berri bat eman du proiektuaren izapidetzean.

Joan zen martxoaren 7an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean "Villabonan GI-4751 errepideko 0 KPan, Oria ibai gaineko zubian oinezkoentzako pasabidea zabaltzeko proiektua idaztea" kontratua Anta Ingeniería Civil S.L. enpresari esleitzeko iragarkia argitaratu zen, hori egikaritze-proiektua gauzatzearen aurreko urratsa izanik. Maite Izagirre alkateak (EAJ) dioen bezala, "orain arte izan diren bilerak oso positiboak izan dira; elkarlana oso estua da eta Aintzane Oiarbide Foru Diputatuaren prestutasuna, ezin hobea". Bi administrazioak, udalak eta aldundiak hain zuzen, aurreikusitako plana garatzen eta proiektua gehiago zehazten jarraitzeko hitzordua adostuko dute datozen egunetan. Bien bitartean herritarrek ikusi ahal izan zuten duela hainbat aste Foru Aldundiko teknikariak eta ingeniaritza enpresakoak bertan egon zirela obraren nondik norakoak aztertzen (zubia itxita egon zen egun batez).

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!