Elkartasun afaria egingo dute Afrikaren alde Amasan

Iñigo Terradillos 2018ko api. 12a, 17:05

Apirilaren 26an izango da Amasako Hika jatetxe txakolindegian, eta bertan biltzen duten diruarekin Kenyako 12 emakumeri sukaldari ikasketak izaten lagunduko zaie.

Harambee elkarteak martxan jarritako proiektua da Afrika elkarrekin bai izenekoa. Ostalaritzaren munduko Gipuzkoako 20 profesional inguruk hartuko dute parte, eta tartean, Tolosaldeko hainbatek: Afaria izango den Amasako Hika jatetxeko Roberto Ruiz, Tolosako Nicolas jatetxeko Xabi Ruiz, Casinoko Iñaki Lopetegi eta Rafa Gorrotxategi, Ibarrako Joxe Mari Barriola harakina eta Amasa-Villabonako Aitzol jatetxeko Imanol eta Arantxa.

Juan Karlos Mujika gobernuz kanpoko erakundearen laguntzaile eta proiektuaren koordinatzaileak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu: "Kenyan bi sukaldaritza eskola dituzte, baina askok zailtasunak izaten dituzte bai ikasten hasteko bai eta jarraitzeko ere; horregatik sukaldaritza ikasi nahi dutenekin eta hemengo sukaldariekin nolabaiteko zubia egiteko ideia polita iruditu zitzaigun". Bada, sukaldariei proposatu zieten asmoa eta 20 sukaldari baino gehiagok egin du bat era batera edo bestera laguntzeko.

Ekimen desberdinak burutuko dira, eta horietan nabarmentzekoak antolatuko dituzten bi elkartasun afariak. Horietako bat Amasan izango da, apirilaren 26an, Hika txakolindegian. Afrikar menua prestatuko dute, eta batzen duten dirua proiektura bideratuko dute. Bigarren afaria Irunen izango da. Hamar sukaldarik hartuko dute parte bi afarietan, eta postreak, esaterako, Rafa Gorrotxategik egingo ditu.

Afariez gain, bestelako ekimenak ere pentsatu dituzte sukaldariek parte hartu edo laguntzeko. Esaterako, Ormaiztegiko sukaldari batek berak ematen dituen sukaldaritzako eskoletan lortutakoaren zati bat bideratuko du proiektura.

Ekimenarekin 12 emakumeri sukaldari izateko prestakuntza izaten lagunduko zaie. "Horrek autonomia handia ematen die, jatetxe edo hotel batean lan egiteko, bere familia aurrera ateratzeko, izan ere, Harambee elkartetik argi duguna da beharra duen lurraldera bideratu behar dela laguntza, bertako egoera hobetzen joateko", dio Mujikak. 12.000 euro bildu nahi dituzte ekimen honekin, eta diru horrekin 12 emakumerentzako hiru urterako ikasketak ordaintzea lortuko dutela azaldu dute.

Elkartasun afarietan parte hartzeko 45 euro ordainduko beharko da, eta izena emateko elkarrekinbai@harambee.es helbidera idatzi daiteke edo 689272990 zenbakira deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!