Garagardozaleen tenplua

Ataria 2018ko apirilaren 7a

Artisau garagardoen Beertoki azoka egun guztian zabalik da Villabonako Beharzana frontoian. Gaueko hamaikak arte 60 garagardo dastatzeko aukera izango da.

Guztira Euskal Herriko 17 garagardogile daude euren produktuak eskaintzen. Horietako bat da Oiartzungo Mala Gissona izenekoa. Bertako kidea da Iker Perez eta etxearen izenaren esanahia azaldu du: "Euskaldunak baleak arrantzatzera ipar Atlantikora joaten ziren, eta harreman estua izan zuten Islandiako herritarrekin. Euskara eta islandiera arteko pidgin hizkera sortu zen, eta espresio bat zegoen 'for ju mala gissona' zioena, eta horrek esan nahi 'zu tipo gaiztoa zara', eta hortik hartu genuen garagardoaren izena".

Mala Gissona etxea Beertoki azokaren hiru urteetan egon da, eta Perezek esan du azoka "oso positiboa" dela: "Oso aukera ona da garagardogile bezala jendeak zure garagardoak ezagutzeko. Gainera, aukera ona da jendeak Euskal Herrian dauden artisau garagardoak ezagutzeko". Perezek gaineratu du kalitate handiko artisau garagardoa egiten dela Euskal Herrian, eta Beertoki azokako antolatzaileen lana goraipatu du: "Gehien gustatzen zaidana da herritarrengatik ateratako zerbait dela. Gazte batzuk bildu dira honen inguruko interesa izanik, eta aurrera atera dute oso azoka polita".

Beertoki azoka zabalik izango da 23:00ak arte eta ondoren kontzertuak izango dira herrian: 23:00etan, Rainbow tabernan Tokan2LaPolla taldearen emanaldia, eta 00:00etan, Rbote tabernan DJ Logozar, Apatx tabernan DJ Lambretta, eta RK tabernan DZ eta Gatxet. Goizean Loatzo musika eskolako Anakruxa taldea aritu da frontoian. Bestalde, Beertokiko antolatzaileek zozketa antolatu dute, 2 euroko txartelak salduz, eta saria Euskal Herriko garagardo sorta zabala izango da. 21:30ean banatuko dute saria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!