Martxoaren 8tik hilabetera, balorazioa

Ataria 2018ko api. 8a, 08:00

Villabonan, Martxoaren 8ko ekitaldien antolatzaileek balorazioa egin dute Emakumeen Nazioarteko Egunetik hilabetera: 

Hilabete pasa da eta oraindik errekuperatzen ari gara aurtengo martxoaren 8an bizi genituen une eta sentitu genituen emozio guztiez, luzea izan da aje emozionala. Antolatzaileontzat izugarria izan zen hainbeste emakume* desberdin helburu berdin baten alde batu, eta herriko kaleak elkartasunez eta aldarrikapen oihuz betetzea.

Ez ginen gezurretan ari egun hori ibilbide luze baten abiapuntua izatea nahi genuela esan genuenean. Horregatik ezin ditugu ahaztu egun berezi horretan kalera atera ez ziren edo ezin izan zuten emakume* horiek, borroka guztiona da neskak*!

Harro gaude, harro gaude gure artean sortutako sare eta aliantzez, harro gaude begirada konplizeez, emozio malkoez eta irribarre indartsuez. Harro gaude eta horregatik ez dugu martxoaren 8an ereindako guztia egun horretara bakarrik mugatu nahi, olatu more hori mantendu eta haz dadin borrokatu nahi dugu. Lan handia dugu aurretik. Elkartasuna eta saretzea ditugu helburu, gure arteko komunikazioa eta borrokarako grina.

Horrenbestez, gurekin batera bidean aurrera egitera gonbidatzen zaituztegu, elkarrekin antolatu nahi ditugun topaketa, hitzaldi eta eztabaidetara etor zaitezten animatu. Gure artean ikasiz, batak besteari entzunez, lagunduz, gure ahotsak eta indarrak batuz iraultzari ekingo diogu.

GORA BORROKA FEMINISTA!
M8ko antolatzaileak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!