Tomate tailerra Villabonako baratze parkean

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 6a, 10:53

Furgobaratza apirilaren 12an gerturatuko da Villabonara 18:30etik 19:30era. Tomate tailerra egingo dute eta tomate landare bereziak banatuko dituzte gerturatzen direnen artean. Horrez gain, Furgobaratza zerbitzua egongo da: aholkularitza baratzeko gaietan, plantel eta hazi ekologikoa...

 

Badator tomate landareak zaintzeko urte sasoia eta Amasa-Villabonako udalarekin elkarlanean ordu eta erdiko tailer praktikoa eskainiko du Baratze Parke Sareak.Ekoguneak eskaintzen duen "Furgobaratza" zerbitzuaren bidez eskainiko da tailer hori. Tailer horretan tomate landarearen zainketa ekologikoaren inguruko informazioa emango da eta tailerrean parte hartuko duten herritarren galderak ere erantzungo dira.

"Oraintxe dator tomate-landareak zaintzeko sasoia", azaldu dute udaleko Ingurumen sailetik, "tailer praktikoa izango da. Landareak eramango ditugu, landatu egingo ditugu, ikusiko dugu nola kimatu behar diren eta baita ere nola ureztatu behar diren...". Gainera, bertaratzen direnen artean tomate horiak, beltzak, bonbila formakoak, handiak txikiak eta beste banatuko dira, baratzak kolorez janzteko. Esan bezala, baratze parkean egingo da tailerra, doakoa izango da eta deialdia herritar guztiei zuzenduta dago.

Tomate-landarearen zainketaren inguruan beti sortzen direla galdera ugari: "Horiek ere argitzen saiatuko gara, noski. Landareen artean utzi behar den distantzia dela, izozteak direla, sor daitezkeen arazoak direla...".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!