«Lanean gozatu egin dut, eta egiten dut oraindik orain»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2018ko api. 5a, 08:30

Villabonako okindegian 53 urteko ibilbidea du atzean ogia saltzen Miren Ibargurenek. Momentuz, 93 urterekin, uzteko asmorik ez du. Bizio txikia du egunkaria lasai irakurtzea: «Emakumeen elkarrizketek ilusioa egiten didate, ibilbide garrantzitsuak irakurtzea».

Badira txokoak berezi bilakatzen direnak. Batzuetan produktuarengatik da, zenbaitetan dekorazioagatik, eta badira tokiak, pertsonek berezi bihurtzen dituztenak. Villabonako Labezain okindegian, Mirenen okindegia bezala ezagunagoa, ez da harritzekoa 93 urteko emakumeak «Txuria ala tostatua?» galdera eta irribarre batekin, ogia eskaintzea. Erosle-saltzaile elkarrizketa laburra, sakondu nahi izan dugu, eta bizitza-istorio horretan barneratu.

Miren Ibarguren, 1924 urtean jaioa.

Bataiatu nindutenean, ez zieten utzi Miren izena jartzen, hala ere inoiz ez naiz izan karnetean dudan izena, ni beti Miren izan naiz. Zumarragako baserri batean jaio nintzen, eta txikitatik hasi nintzen azoka eta etxez-etxe barazkiak saltzen.

Ez zara Villabonakoa orduan.

Jaiotzez ez, jada bai. 66 urte daramatzat Villabonan. 53 urte ogia saltzen. Lehen pentsu almazena ere bagenuen, baina 1983ko uholdeekin batera itxi genituen bertako ateak.

Uholde historiko hura…

Bai, garai haietan errekari begira bizi ginen, noiz gainezka egingo beldurrez. Orain erreka ikusteak gustoa ematen du, jada ez baitago arriskurik.

53 urte ogia salduz. Denboran atzera egingo al dugu? Nola zen garai hartako argazkia?

Oso polita zen. Goizeko 5:40ean bizikletan etortzen zen jendea inguruko herrietatik. Ordu horretarako paperean bilduta eta beraien izenarekin prestaturik izaten nituen opilak, batzuk menbriloarekin, eta besteak txokolatearekin. Sacem enpresan 400 langile zebiltzan garai hartan.

Eta kaleko giroa?

Imaginatu! Egunkari saltzailea etxez-etxe ibiltzen zen gurdi batekin egunkariak salduz. Pentsu bila zaldi eta gurdiarekin etortzen ziren baserritarrak. Auto gutxi, eta Vespa motor asko ikusten zen kalean. Gainera, Villabona erdikaldetik igarotzen zen N-1 errepidea, eta mugimendu asko izaten zen, baita oporretara zihoazen turistak ere. Gogoratzen naiz ere, asteartea festa eguna zela, azoka izaten zelako. Gaur ere bada azoka, baina ez festarik.

Orain jendeak ez du egunkaririk erosten, N-1 aspaldi atera zuten herritik, eta gurdiak erregeen kabalgatan soilik ikusten dira, hala ere, zuk lanean jarraitzen duzu. 

Saiatzen naiz oraindik laguntzen pixka bat. Eguerdian etortzen naiz, eta arratsaldean ere bai. Ni ez banaiz etortzen, ondo ez nagoenaren seinalea da.

Okingintza asko aldatu al da hamarkada guzti hauetan zehar?

Ez pentsa! Labeak aldatu dira, baina produktua ia berdina da, hemen behintzat. Orain agian ogi gutxiago jaten da otorduetan, baina nirekin lanean aritzen den semeak dio, Europako ohiturak datozela: gosari fuerteagoak, ogi tostada oinarri hartuta, olio edo mermeladarekin.

Hainbeste urte lan eginda, ez al zara aspertu?

[Irribarrea eta begiak ñir-ñirka]. Jendeak asko maite nau, eta nik jendea ere bai. Niri lanak bizipoza ematen dit.

Asko, erretiroa hartzeko egunak kontatzen aritzen da. Zer da lana zuretzako?

Ez dakit nola erantzun. Niretzako lana oso pozgarria da. Nik lanean gozatu egin dut, eta egiten dut oraindik ere. Lanak ematen dit bizia.

Zer gustatzen zaizu gehien?

Jendearekin kontaktua, batez ere haurrekin. Flauta edo ogi puskak ematen dizkiet beti, eta irribarretxo eta begirada piztu horiek indarra ematen dute. Urte askotan, egunero, jendearekin egon naiz, eta halakoetan harreman berezia sortzen da. Ez diot lana egiteari inoiz beldurrik izan; alderantziz.

Noiz arte baina?

Agian semea eta biok batera hartuko dugu erretiroa egunen batean. Alargun geratu nintzenean, berari laguntza eskatu, eta orduz geroztik elkarrekin ari gara. Nik behar izan nuenean, bera hor egon zen. Nola ez diot ba lagunduko?

Dena ez da lana izango ordea…

Goizero bizio txikia dut: gosalduz egunkaria lasai irakurtzea. Lehendabizi errepaso azkarra egiten dut letra handiak irakurriz, eta ostera, tostada mermeladarekin prestatu eta patxadan irakurri.

Berri txar asko gosaltzeko.

Ilusio egiten dit emakumeei elkarrizketak egiten dizkietenean, eta beraien ibilbide garrantzitsuak ikustean. Dena ez da txarra…

Egunkaria da bizio txikia orduan.

Eta osteguneko pintxo potera familiarekin joatea ere oso pozgarria da. Oso gustura joaten naiz saltsara. Lehen telebista gusturago ikusten nuen: Goenkale lasai ikusteko presaka afaltzen nuen. Orain aspertu egiten naute horrenbeste txutxu-mutxu eta sukaldarik.

Eta, inoiz oporrik egin al duzu?

Bai, noski, eta gustura asko gainera. Abuztuan astebete joaten gara familia Sitges-era. Jada 26 urte hotel berdinera joaten…

- «Mila, jarri 25 ogi labean…», [esaten dio langileari].

Oraindik agintzen duzu…

Bai, oraindik pixka bat bai [barrezka].

Eta bizitza honetan zerbait ez egin izanaren penarik ba al duzu?

Kotxeko karneta ateratzea. Senarrarekin baserrietara banaketara joatean, hango bidetxoetan ibiltzen nintzen, baina ez nuen denborarik baimena eskuratzeko. Seme-alabek 18 urte egiten zituztenean, karneta ateratzea oparitzen genien, eta bide batez, banaketarako gidari gehiago genituen. Autonomoak izanda bizi guztian, gure seme-alaba eta bilobek beti lagundu izan dute.

93 urtez kandelak itzaltzen. Urtebetetze berezirik?

Bai, iazkoa dudarik gabe. Biloba batek Suitzatik deitu zidan goizean zoriontzeko, han doktoregotza egiten ari zelako. Gaueko afarian, txirrina jo, eta hantxe azaldu zen nire urtebetetzea ospatzeko, eta hurrengo goizean berriro Suitzara itzultzeko. Ez al da polita?

Oso… Non daude 93 urterekin horren ondo egoteko gakoak?

Nire lagun ona kafea izan da. Asko lagundu dit. Piztu egiten du. Bestetik, nahiko bizimodu metodikoa egin dut: siestatxoa egunero, gehiegi ez jan…

100 urte egindakoan berriro egingo dizut elkarrizketa.

Ea egia den! Nahi al duzu etxera ogia eraman? Zer nahi duzu txuria ala tostatua?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!