Beertoki azoka frontoian egiteko baimena ukatu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 27a, 13:35

Kirol jarduerarekin bateraezina den ekimena dela eta frontoiaren garbitasuna jarri ditu argudio bezala alkateak baimena ukatzeko. Horri aurre eginez, frontoiaren erabilera publikoaren aldeko idatzi bat zabaldu dute herrian azokako antolatzaileek, dagoeneko 20 eragilek babestu dutena.

Haserre daude Beertoki antolatzen duten lau gazteak. Behar Zana frontoian garagardo artisauen azoka egiteko baimena inoiz baino lehenago eskatu eta inoiz baino beranduago –martxoaren 8an– jaso dute erantzuna. Aurreko bi urteetan ez bezala, ezezkoa izan da. Villabonan teilatu azpian euritik eta haizetik babestuta dagoen espazio publiko zabal eta ia bakarra da frontoia eta horregatik, apirilaren 7rako iragarritako azokaz harago begiratu eta idatzi bat zabaldu dute herrian ondorengoa eskatuz: "Udalak ezarritako debekuak bertan behera uztea eta orain arte bezala, herriko elkarte eta eragileek nahi dituzten ekintzak antolatzeko Behar Zana frontoia erabili ahal izatea". 20 eragilek sinatu dute dagoeneko idatzia eta ondorengo egunotan norbanakoek ere eman ahal izango diote atxikimendua, Lainoa eta RK tabernetan, Amasa kafetegian, Errota txiki eta Arroako Labezain okindegietan, Basajaun liburu dendan eta Kazetarian.

Ez zuten horrelako erantzunik espero Beertokiko antolatzaileek. Abenduaren 1ean eman zioten sarrera frontoia erabiltzeko baimen eskaerari eta martxoaren 8an jaso zuten ezezko erantzuna, alkateak martxoaren 21eko osoko bilkuran aipatu zuenez, udal bulegoetan eskaera "traspapelatu" egin zelako. Lehen bilera bat egin ostean, martxoaren 19an bere erabakia berretsi zien udal gobernuak azokako antolatzaileei eta hauek udal teknikariekin batera beste bilera bat egiteko eskaera luzatu zioten Maite Izagirreri. Ezezkoa jaso ondoren erabaki zuten martxoaren 21eko ohiko osoko bilkurara azaltzea.

Beertokiko antolatzaileek egoeraren berri eman zuten batzarrean eta hori ikusita, oposizioak ere galdera luzatu zion alkateari: "Nork, noiz, non eta nola hartu du baimena ez emateko erabakia?". Izagirrek, udal teknikariekin batera hartutakoa izan zela nabarmendu zuen. Epe motzera frontoian itxitura bat jartzeko obrak hastekoak direla eta aste santuan garbiketa sakon bat egingo dutela aipatu zituen argudio gisa, nahiz eta azokaren antolatzaileek ez duten ulertzen zertan oztopatzen duen horrek Beertoki frontoian egin ahal izatea.

Udal gobernuak aitortu du azokako antolatzaileek aurreko urteetan txukun eta garbi utzi dutela frontoia baina Behar Zana pilota elkartearen urteroko eskakizuna dela garbitasunarena. Bere aldetik eta adierazpen horiengatik "zipriztinduak" sentitu direla adieraziz, ohar bat kaleratu dute pilota elkarteko kideek. Nahiz eta herriko eragileek egindako eskaerek "traba handia" egin eta elkartearen egunerokotasunean eragin, Behar Zanak dio "guztiz onartu, errespetatu eta errespetatuko" duela edozein norbanako edo elkartek egiten duen eskaera. "Frontoia txukun utzi eta zaintzea" da eskatzen duten gauza bakarra eta gaineratu dute herriko elkarteek urtean zehar antolatzen dituzten ekintzak ez direla arazo, egunero-egunero egoten dela pilotalekua zikin. Arazoaren muinari, "zikinkeriari", heltzeko eskatu dio Behar Zanak udalari, "eta udalak berak zein beste edonork antolatzen diren ekintzen ondorengo garbitasuna bermatzeko, prebisioak eginez eta garbiketak erreforzatuz".

Beertoki lekualdatzeko proposamena

Azkeneko aldiz astelehenean bildu ziren Beertokiko antolatzaileak alkatearekin eta honek aurreko asteko ohiko osoko bilkuran egindako proposamen bera luzatu zien: azoka Zubimusu ikastolak Txermin auzoan duen egoitzaren azpialdean antolatzea. "Udal teknikariak gure esanetara jarriko dituela ere esan zigun", aipatu dute Beertokiko kideek.

"Iruditzen zaigu Behar Zana frontoia dela azoka egiteko tokia, bertan egin nahi dugu, pilota elkartearen baimena dugu eta gure aldetik eskakizun guztiak bete ditugu". Orain, bi aste baino gutxiago falta diren honetan "ezinezkoa" iruditzen zaie gazteei Beertoki lekuz aldatzea: "Ez da gure kapritxoa. Iaz segurtasuna bermatzeko eta azoka egin ahal izateko proiektu bat eginarazi ziguten eta proiektu horrek frontoia du oinarri. Beste berri bat egiteko denborarik eta baliabiderik ez dugu, gutako bakoitzak bere lanak dituelako. Standak ere pilotalekuaren neurrira eginda daude, merkatariek, tabernariek eta guk dirua jarrita daukagu azoka egiteko. Ezinezkoa da", esan dute.

Amasa-Villabonako Udalak Beertoki Behar Zana pilotalekuan egiteko baimena eman ezean arriskuan egon daiteke, beraz, aurtengo azoka. "Musu-truk, herrian mugimendu pixka bat egon dadin gauzak antolatzen borondatez aritzen garen gazteak gara eta udalak oztopoak baino ez dizkigu jartzen. Trasteak hartu eta azoka beste herri batean antolatzeko gogoa ematen digu", adierazi dute antolatzaileek.

Aurten hirugarren urtez egin asmo zuten garagardo artisauen azoka Villabonan. Iaz esate baterako,  17 garagardogile elkartu ziren, 60 garagardo mota baino gehiago eta bi janari postu izan ziren aukeran. Gauean herriko hiru tabernatan kontzertuak antolatu ziren. Ehunka lagun gerturatu zen Villabonara.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!