Adostasunik ez udal talde nagusien artean

Ataria 2018ko mar. 27a, 12:47

Martxoaren 21ean ospatutako ohiko osoko bilkuran tentsio uneak izan ziren EAJko udal gobernuaren eta oposizioko EH Bilduren artean. Batzar aretora gerturatutako herritarrek ere euren haserrea adierazi zuten.

"Ez dugu lasaitasuna galduko eta ez gara konfrontazio zuzenean sartuko". Horrela esan zuen martxoaren 21eko ohiko osoko bilkuran Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak. Batzarrak iraun zuen bitartean, ordea, nabarmena izan zen udal gobernuaren eta koalizioa abertzalearen arteko talka eta zenbait unetan tentsioak goia jo zuen.

Horrela gertatu zen eremu publikoetako publizitatearen eta propagandaren erabilera arautzen duen udal ordenantzaren kasuan. EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eman zitzaion hasierako onarpena arauari eta EH Bildu nabarmen agertu zen "mozal ordenantza" deitu zionaren kontra. Labordek, ezertan hasi aurretik argi adierazi zuen herriko kaleetan ezartzen diren kartelek eta pankartek sor ditzaketen arazoak aztertu behar direla eta konponbideak bilatu. Era berean, espazio publikoaren erabilera gizalegezkoa izan behar dela eta kalteak eragin gabe geratu behar dela defendatzen du EH Bilduk.

Hori esanda abenduan EAJk ordenantza proposamena mahai gainean jarri eta martxoan onartu bitartean jarraitu den prozedura ere kritikatu zuen Labordek: "Hirigintza batzordea korrika eta presaka bildu zen gaia tratatzeko, espedientea itxi gabe eta irizpenak prest izan gabe. Gainera, beraiek aplikatu beharko duten ordenantza izanik, udaltzainei ez zaie txostenik eskatu". Txosten juridikoan idazkariak berak agertzen dituen kezka asko aintzat hartu ez eta udal gobernuak "idiak bezala aurrera" egin duela nabarmendu zuen EH Bilduko zinegotziak. "Adierazpen eta informazio askatasuna bezalako oinarrizko giza eskubideak murriztu eta mugatzen ditu".

Besteak beste, kartel bat jartzeagatik 100 eta 200 euro arteko isunak aurreikusten ditu onartutako ordenantzak. Bere aldeko botoa argudiatzerako orduan, Maria Luisa Arija sozialistak aipatu zuen pintaketak garbitzeak kostua dakarkiola udal altxortegiari eta neurriak hartu behar direla hori ekiditeko. EAJk ere defendatu zuen testua eta Eneko Urdangarin zinegotziak esan zuen ordenantza adostu ez bada, alde batek nahi izan ez duelako izan dela. "Abendutik saiakerak egin ditugu EH Bildurekin, baina beti ezezkoa jaso dugu", esan zuen Urdangarinek. "Populismo jeltzale-fobian ez erortzeko" eskatu zion jeltzaleak koalizio abertzaleari, Maria Eugenia Arrizabalaga batzarkidearen aipu bat gogoan hartuta.

Tentsioak gora egin zuen osoko bilkura aretoan eta Labordek udal gobernuari zera esan zion: "Badirudi eroso sentitzen zaretela EH Bildurekin eta EH Bilduren parte den ezker abertzalearekin liskarrean, eta badirudi baita ere, nolabaiteko erreakzio baten bila zabiltzatela argitaratu dituzuen bando eta artikuluekin. Ba gauza bat argi esango dizuegu, ez gara zuen tranpan eroriko. Hori bai, gure iritzia botako dugu inolako konplexurik gabe". Horregatik koalizio abertzaleak uste du, gai hau "seriotasunez" landu behar dela eta ordenantza ahalik eta adostasun zabalenarekin onartu behar dela. Hain zuzen, galde erreguen txandan, herrian antolatzen dituzten ekintzen berri emateko kartelak jartzen dituzten elkarte eta eragileen izenean hitz egin zuen herritar batek eta haiekin zergatik ez den bildu galdetu zion udal gobernuari. Eztabaidak luze jo zuen, bero ere bai, eta azkenerako ezer garbirik ez zuten atera bertaratutakoek. Hilabeteko epea izango dute herritarrek ordenantzari helegiteak jartzeko.

Mozioak adostasunik gabe

Legealdi hasieratik EAJk eta PSE-EEk bat egin izan dute proposamenak aurrera ateratzeko. Joan den asteko bilkuran ere, pentsio sistema publikoaren gainean mozioa adostu zuten bi alderdiek. EH Bildu abstenitu egin zen eta "oportunismo ariketa dotorea" egin izana egotzi zien jeltzale eta sozialistei. Laborderen esanetan, udal mailan badaude aukerak pentsionista eta erretiratuentzat hobari fiskalak ezartzeko, "ezin da kulpa beti besteei bota".

Koalizio abertzalea ados dago onartutako mozioaren puntu batzuetan (PPk ezarritako legedi aldaketak indargabetzea, pentsioak KPIaren arabera ezartzea, gizarte segurantzaren iruzurraren aurkako neurriak hartzea eta gizarte segurantzaren eskumena eskatzearekin), baina aipatu gabe utzitakoak azpimarratu zituen martxoaren 21eko bilkuran: "Pentsio duinak izatea ezinbestean lotuta dago kalitateko enpleguaren sorrerarekin eta ezin dira aipatu gabe utzi PSOE eta PPk onartutako lan erreformak; Bide berean, ezin da onartu pentsionistak pobreziaren mugatik behera egotea eta horretarako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu behar da". EH Biduk uste du onartutako mozioak ikuspuntu estatala duela eta erregimen ekonomikoaren transferentzian ezartzen du arreta, "Espainia lasta handi bat baita euskal gizartearentzat". EAJko Eneko Urdangarin poztu egin zen hitz horiek entzutean: "40 urte daramatzagu guk Gernikako Estatutua bete behar dela esaten eta poztekoa da, orain, zuek ere eskakizunarekin bat egitea".

Amasa-Villabonako EH Bilduk Gipuzkoan eraikitzekoak diren merkataritza gune handiei baimenik ez ematea eskatu zuen mozio baten bitartez, merkataritza eta lurralde plan sektoriala onartu bitartean. Koalizio abertzaleak esan zuenez 210.000 metro koadro gehiago okupatuko lirateke Gipuzkoan merkataritza gune handietarako eta horri muga jarri behar zaio, "gure merkataritza eta gure herrietako izaera eta bizitza babesteko". EAJ eta PSE-EE, oro har, bat etorri ziren EH Bilduren gogoetarekin, baina aurkeztutako mozioaren lehen puntuan egindako eskakizunari ez diote "ibilbide" handirik ikusten. Puntu horretan koalizioak eskatzen zuen udalak lurralde plan sektoriala aztertzea eta egoki irizten badio helegiteak aurkeztea. Jeltzaleen ustez, "era horretako azterketak egitea beste organo batzuen egitekoa da". Mozio alternatibo bat aurkeztu eta EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen.

Eragileak haserre

Beste organoen jardueraren jarraipena egiterako orduan, EH Bilduk alkate dekretu baten inguruko galdera luzatu zuen. 21.700 euro bideratuko ditu Amasa-Villabonako Udalak lau erraldoi berri erosteko eta erabaki hau Besamotza konpartsarekin zergatik ez den kontsultatu galdetu zuen Labordek. Mertxe Garmendia kultura zinegotziak aipatu zuen harreman ona dutela konpartsarekin eta egungo erraldoiak egoera txarrean daudela ikusita lau berri egitea erabaki dutela. Santioetarako prest eduki nahi dituzte eta horregatik presa.

Beertoki garagardo artisauen azokako antolatzaileak ere izan ziren ohiko osoko bilkuran. Aurreko bi urteetan bezala azoka Behar Zana frontoian egiteko baimena ukatu die udalak, "garbitasun irizpideak" kontuan hartuta. Kexu dira Beertokiko antolatzaileak, abenduan baimen eskaera egin eta martxoa arte erantzunik jaso ez dutelako. Segurtasun neurriak jasoz pilotalekuan azoka egiteko proiektua dagoeneko osatuta dagoela eta ekimena beste leku batera eramateko denborarik ez dutela argudiatu dute Beertokiko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!