800 mendizaletik gora Aizkardiren 50. mendi martxan

Irati Saizar Artola 2018ko mar. 25a, 09:49

Ohiturei jarraituz, aldaketa handirik gabe antolatu dute mende erdia bete duen Aizkardiren mendi martxa. 

Lotarako ordubete gutxiago edukiagatik 800 lagunetik gora animatu dira Aizkardi elkarteak urtero antolatzen duen mendi ibilaldira. 50. urtemuga dute aurtengoa, eta Pepo Alonso Aizkardi elkarteko kide eta antolatzaileak adierazi duenez aldaketa handirik gabe ospatuko dute: "ez dugu ezer berezirik egiteko asmorik, soilik ohiturak mantentzea gustatzen zaigu".

Aldaketarako eragilea eguraldia izan dute. Atzo dei bat jaso zuten aldunditik esanaz abisu horia emana zegoela euriagatik eta antolatzaileek ikusteko ibilaldiarekin aurrera jarraitu nahi zuen edo ez; aurrera egitea erabaki dute. "Hasieran uste genuen eguraldi txarragoa egingo zuela, baina ikusten denez esandakoa baino gutxiago izan da", adierazi du Alonsok. Elezetako anoa gunea kendu behar izaten dute, eta han jartzekoa zutena Mugara pasatu dute. 

Horrelako ekimenetan eguraldia erabakigarria izaten da, bai gauzak behar bezala antolatzeko, baina baita jendea parte hartzera animatzeko ere: "Eguraldiak beti jendea atzera botatzen du; ibilaldi luzerako 400 pertsona inguru apuntatu ziren eta 300 inguru atera dira, eta berdin ibilbide laburrean ere, 700 lagun zeuden apuntatuta eta 500 inguru atera dira". 

Urtarrilaren erdialdetik hasita gaur arte aritu dira Aizkardi mendi elkarteko kideak guztia ondo irten zedin lanean, denera, 100 lagunetik gora. "Urtarrilaren erdialdean baimenak, eskaerak eta bestelakoak egiten hasten gara. Ondoren, muntatze lanetan asteazken inguruan hasi ginen". Ibilaldiaren bezperan, kiroldegian, lotarako lekua prestatzen dute leku ezberdinetako jendearentzat: "Bilbotik, Gasteiztik edota Errioxatik datozenentzat larunbat arratsaldeko zortzietatik aurrera aukera ematen dugu kiroldegian lo egiteko; aurten 42 lagun espero genituen eta eguraldia dela eta 30 lagun etorri dira". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!