[GUTUNA] Martxoak 8 Amasa-Villabonan: argazki bat, ondorio batzuk

Ataria 2018ko mar. 22a, 11:29

Amasa-Villabonako 30 emakumek baino gehiagok sinatu dute ondorengo gutuna:

Zerk neurtzen du deialdi baten arrakasta? Kasu honetan, nola neurtzen da 2018ko emakumeen egunerako deitutako lanuztearen arrakasta? Eta beronen eragina? Deialdian parte hartu dugun emakumeen kopurua izan daiteke arrakastaren adierazle bat, eta ez da makala gure begiekin ikusi ahal izan dugunaren arabera. Hainbat egunkarik jaso duten moduan Euskal Herrian 200.000 emakume baino gehiagok parte hartu genuen M8ko manifestazioetan, greba feministaren egunean.

Deialdiaren zergatien lorpen maila izan daiteke beste aldagai bat, arrakasta neurtzerako garaian. Eta hau, epe motzean jakitea zaila izango da. Deialdiari emandako erantzunak eraginik izan duen edo ez, aldarrikapenek etorkizunean izango duten lorpen mailaren arabera egongo da. Greba deialdi honen izaera transbertsala azpimarragarria da, izan ere, klasearteko eta belaunaldiarteko osaketa izan da ezaugarri nagusienetako bat. Zer beste ekimenek lortu du halako herritar ezberdinak lema berdina oihukatuz jartzea? Gutxik. Begirada konplizeek, aliantzak sortu dituzte, aurrerantzean izan gaitezen gai tentsio horri eusteko. Deialdiaren aniztasuna, horra hor arrakastaren beste adierazle bat.

Lan merkatutik at dauden lanak aintzat hartu dituen greba deialdi bat izan da hau, zaintza lanak, lan erreproduktiboak erdigunean jarri dituena. Eta izan dira eztabaidak, gune pribatuetan zein publikoetan. Aurkako eta aldeko posizioak gogor defendatu dira. Guk geuk, tinko eutsi diogu greba deitzearen zergatien zerrenda mikatzaren defentsari etxean, lantokian, tabernan, elkartean edo herriko plazan. Eta genituenak baino, argudio gehiago jaso ditugu inguruko kideengandik. Planto egiteko arrazoiak sobera ditugula barneratu dugu, eta erakutsi dugu. Euren burua feministatzat hartzen ez zuten emakume andana jarri du aurtengo martxoaren 8ak egindako lan produktibo, erreproduktibo zein zaintza lanaz hausnartzen. Hausnartzea, desikastea eta ikastea. Aldaketarako bidea zabaltzen duen oinatza, arrakastaren adierazle garbiena dugu.

Ezbairik gabe, posizioak aldatzeko moduko dardara sortu du deialdi honek bai Euskal Herri mailan, bai Amasa-Villabonan ere. Posizioak aldatzea diogu, aurrez grebaren zilegitasuna ezbaian jarri eta kritikatu duten hainbat ikusi ditugulako mugimendu feministaren deialdiarekin bat egiten. Tartean, eskuinekoa den alderdi baten interesak defendatzen dituen zenbait ordezkari ere. Luze hitz egin genezake eskuinak emakumeokin eta gure eskubideekin izan duen jarreraz, abortua, kasu. Baina hau ez da artikulu honen egitekoa.

2018ko martxoaren 8a, mugarri izango da aurrerantzean edo hala izatea dagokigu behintzat. Emakumeok, subjektu politiko gisa, gure gizartearen eraldaketa sozialean eragin zuzena dugun agente aktibo gisa agertu gara, modu masiboan. Emakumeok, izan indibidualki edo kolektiboki, injustizien eta patriarkatuaren aurka altxa garen bakoitzean nor bagarela erakutsi dugu. Feminismoa mugimendu anitza da. Eta feminismoa ulertzeko modu asko daude. Hasi berdintasuna aldarrikatzetik eta ezberdinak garela aldarrikatu arte tartea oso zabala da. Eta feminismoa praktika pluralen gainean eraikitzen den identitate kolektiboa dela erakutsi digu igaro berri den martxoaren 8ak.

Gizarte mugimendu zapaldu gisa, feminismoak ilustrazio garaiaz geroztik borrokatu ditu emakumeon askatasuna, berdintasuna, eskubide politikoak, hezkuntzarako eta jabetza pribaturako eskubideak, nahiz kargu publikoak betetzeko eskubidea. Hamaika borroka eginak dira mundu osoko emakumeak protagonista direla. Eskaera politikoak ozen aldarrikatu dira oraingo honetan ere. Eskaera horiek, ekinbide politiko bilakatzea da helburua eta eginbeharra orain, baita Amasa-Villabonan ere.

Pertsonala politikoa dela feminismoaren lema izarra izan da. Angela Davis aktibista eta irakasleak, feminista izatea, emakumea gizakia dela defendatzea dela aldarrikatu du sarri. Feminismoak errealitatea errotik gauzak aldatzeko gai dela erakutsi digu, beste behin.

Baina ez gaitezen engainatu, Nawal al Saadawik idazleak garbi adierazten duen modura, feminista izateko ez da nahikoa emakume izatea, izan baitzaitezke kapitalista, patriarkala eta erlijiosoa. Emakumeon presentzia politika arloan, ez da aldaketarako bermea, ikusi besterik ez baitago, politika heteropatriarkalak eta neoliberalak praktikan jartzean.

Honela bakarrik ulertu daiteke Amasa-Villabonako alkateak, aurtengo martxoaren 8az atera duen ondoriorik azpimarragarriena mugimendu feministak egin dituen margoketen kontua izatea, eta pintaketak bandalismoarekin lotzea. Begi ezberdinez ikusi dugu lurrikara, argi dago. Eta orain zer egingo dugu, neskak?

“Edozein adinetan matxinatzeko adorea duten emakumeak
dira bizitza sustatzen dutenak…,
matxinoak dira eskubideen mugak
hedatzen dituztenak, apurka apurka…,
gaizkiaren mugak estutu eta desagerrarazi egiten dituztenak”
Natalie C. Barney

Sinatzen dugu

Arantza Sorondo Bidaor
Beatriz Unzue Esnaola
Maxux Alvarez Baz
Nora Urbizu Arozena
Arantza Lopez Luloaga
Saioa Jauregui Sarazu
Nahikari Iturbe Eizagirre
Esti Amenabarro Iraola
Susana Carretero Viera
Lide Larrañaga Ariznabarreta
Amagoia Agirre
Maite Ortiz Garcia
Nagore Arin Asuabarrena
Ianire Elizaran Simon
Margari Olano Balerdi
Aitziber Cenzano Olano
Pauli Olano Balerdi
Maite Barandiaran Lasa
Kati Larrea Olano
Lurdes Etxeberria
Brigida Almendros
Beatriz Zamora
Veronica Sanchez
Begoña Castellano Garcia
Rosa Carretero
Maria Barrena
Lorena Berra Mato
Nora Carrillo Artola
Josune Urreta
Begoña Galarraga
Eli Artola
Izaro Otegi
Maitane Gaztañazpi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!